Auzo batzarrak egiten ari dira Munitibarren
Udalerriaren norabidean eta udalaren erabakietan herritarren parte hartzeak duen garrantziari eutsiz, beste urte batez auzo batzarrak egiten ari dira Munitibarren.Udal gobernuak agintaldi hasieran hartutako konpromisoa berresten jarraitzen du, eta, ber...
Udal gobernuak agintaldi hasieran hartutako konpromisoa berresten jarraitzen du, eta, beraz, herritarrei ahotsa ematea ezinbestekoa dela iritzita, auzotarren kezkak eta zalantzak argitzeko baliatzen ditu aipatu bilerak, bai eta ere udaleko informazioa helarazteko.
Aurreko asteburuan hasi ziren aurtengo saioekin. Zapatu goizean Berreño auzora bertaratu ziren udal ordezkariak, eta eguerdian, berriz, Ganbeko eskolan batu ziren bertakoekin. Arratsaldean Gerrika eta Uriona auzoko bizilagunekin bildu ziren, Santiago ermitan.
Zapatu honetarako Totorika auzoko frontoi alboan jarri dute hitzordua herritarrekin. Eta aste bi barru, berriz, Gerrikaitzeko eta Aldakako bizilagunekin batzartutako amaituko dituzte aurtengo saioak.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, orain arteko batzarrak ondo joan dira, eta herritarren parte hartzeagaz gustura daude.
«Etorri den jendeak parte hartu du. Gauzak atera dira; iritzia eman eta ekarpenak egin dituzte». Halaber, udal ordezkarien eta herritarren artean komunikazioa egotea behar-beharrezkoa dela nabarmendu dute. Izan ere, oro har, herriguneko zein beste auzoetako biztanleek ez daukate udaletxera kexak edota zalantzak helaraztera joateko joera edo ohiturarik. Beraz, modu honetara, harreman zuzena izatea bermatzen dutela esan dute.
Iazko martxoan aurkeztu zuten Zeuaz egitasmoaren barruko ekitaldietako bat dira batzarrok. Udalerriaren norabidea zehazteko egitasmoa da; lau ardatz nagusitu zehaztu zituzten: gardentasuna, herritarren parte hartze aktiboa, denen erabakiak eta munitibartarren nahi eta gurari bateratuak.