Ginekologia zerbitzua murriztu dutela salatu du Potxuak Martxanek
Lekeitioko ginekologia zerbitzuko ginekologoa astean behin egotetik bi asterik behin egotera pasatu dutela salatu du Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeak. Ondorioz, emakumeen gehiengoa Gernikara bideratzen ari direla jakitera eman dute, «beste a...
Oraingoa ez da Potxuak Martxanek horrelako gertaera bat salatzen duen lehenengo aldia. 2013an ere, Lekeitioko Udalagaz batera, ginekologia zerbitzua kentzeko kezka mahaigaineratu zuten. Murrizketaren aurkako sinadura bilketari ere ekin zioten, eta 2.475 pertsonen sinadurak aurkeztu zituzten 2014an Lekeitioko osasun etxean.
Gogora ekarri dutenez, Galdakaoko ospitaleko eta Lekeitioko osasun zentroko zuzendariagaz ere batu ziren 2014ko martxoan, eta akordio batera ailegatu zirela azaldu dute: «Lekeitioko ginekologiaren txandak gehienez hilabetera emango zirela eta zerbitzua bermatuta egongo zela».
Baina, gaur egun, akordio hori ez direla betetzen ari azpimarratu dute Lekeitioko emakumeek. Hori dela eta, egoera hobetu asmoz, Osakidetza zein Lekeitioko osasun etxeko arduradunekin bai eta udal ordezkariekin harremanetan jarri direla jakinarazi dute. «Eta gure bidea espero genuena baino gogorragoa egiten ari da». Beraz, gertaera publiko egin eta berriz ere sinadurak biltzen hasi dira astebururo. «Eskolapean eta udaletxe aurrean egoten gara, eta eskualde mailako bilketa ere egiten ari gara».