Nazioarteko 27 aditu ari dira Armintxe koba ikertzen
Kobako atartean haitzuloetako hienaren hondarrak aurkitu dituzte. Kobazuloa urez betetzeko arriskua dagoela ondorioztatu dute hidrologia azterlanek2016an kobazuloa aurkitu zuenetik, nazioarteko hamazortzi unibertsitate, ikerketa zentro eta ikertzaile t...
Kobako atartean haitzuloetako hienaren hondarrak aurkitu dituzte. Kobazuloa urez betetzeko arriskua dagoela ondorioztatu dute hidrologia azterlanek
2016an kobazuloa aurkitu zuenetik, nazioarteko hamazortzi unibertsitate, ikerketa zentro eta ikertzaile taldeetako 27 adituz osatutako lantaldea ikerketa eta kontserbazio lanak egiten ari da Lekeitioko Armintxeko koban.Barrunberako sarrera eta aretoen arteko pasabideak egokitu dituzte, hidrologia eta ingurumen azterlana garatu dute, 3D teknikak erabiliz panel nagusiari buruzko dokumentazio grafikoa jaso dute, Paleolitoko arteaz dekoratutako panel guztiak aztertu dituzte, eta kobako atartean indusketa arkeologikoko lanak egin dituzte.
Jakitera eman dutenez, labar arteaz harantzago, koba hori Historiaurreaz geroztik okupatuta egon denaren aztarnak ere badaudela egiaztatu ahal izan dute ikerketa arkeologikoaren bitartez. Armintxeko kobako atartean ez dute giza okupazioaren zantzurik aurkitu; hala eta guztiz ere, koban hiena zulo bat egon zela erakusten duten hondarrak aurkitu dituzte: haitzuloetako hienaren haginak; haragijale horrek kobara ekarritako harrapakinen hondarrak (oreina eta bobido handi bat) eta hienaren koprolito ugari (mineralizatutako gorotz fosilak). «Informazio iturri baliotsua inguruko paleoklima eta paleolandaredia eta haragijale espezie horren dieta ereduak ezagutzeko».
Apaindutako panel nagusia dagoen lekuan, berriz, Madeleine aldiko multzo grafikoaren exekuzioagaz lotu daitezkeen zantzu batzuk aurkitu dituzte: «Erretako egur zatiak, seguru asko Madeleine aldiko artistek erabilitako argiztapen sistemetakoak, eta erabili izanaren itxura duten hezur zatiak». Azken horiek aztertzen ari dira gaur egun, Armintxeko hormak grabatzeko eta dekoratzeko erabili ote ziren zehazteko.
Cesar Gonzalez Sainz Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradunak egindako ikerketaren arabera, prozedura tekni- koetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia. «Kalkarenitazko euskarriak zaildu egiten du ohiko grabatze lana (objektu zorrotz bat arrastatzea ildo bat irekiz). Horregatik, marra sinpleak trazatu dira gainazal hori karrakatuz». Gonzalezek adierazi duenez, guztira, 68 unitate grafiko katalogatu dira, tartean animalien 37 irudi eta zeinu abstraktuak eta marra paraleloen sorta ez figuratiboak: «23 zaldi, 4 bisonte, 4 ahuntz, 2 lehoi, zehaztu gabeko zerbido bat, eta zehaztu gabeko koadrupedo baten 3 zirriborro. Eta 14 marra, banaka edo serieetan, antolatu gabekoak eta ez figuratiboak».
Uholde arriskua
Bestalde, hidrologia eta ingurumen azterlanen bidez kobazuloa urez betetzeko arriskua dagoela ondorioztatu dute. «Lekeitioko saihesbidetik datozen urek lur azpiko ibaiaren goraldi puntak eragiten ditu, eta goraldi horiek ez dute zerikusirik kobazuloko fluxu naturalagaz. Gainera, kobazuloa aurkitzen den sistema karstikoaren behealdean eraikitako eraikuntza eta urbanizazioek sistema horrek Lea ibaira duen isurbide naturala galarazten du».
Uraren goraldiek ez die eragiten erdiko eta goiko galerietako grabatuak dituzten panelei. Hala ere, arazo hori konpontzeko eta urak etorkizunean Armintxeko apaindutako guneak estaltzeko aukerarik eduki ez dezan, kobazuloko fluxu hidrikoa normalizatzea ahalbidetuko duten obrak egingo dituzte 2019an. Larrotegi sisteman eta, beraz, kobazuloan, landare hondakinak eta zaborrak sartzea saihestuko duen iragazteko geruza bat jarriko dute, eta fluxu hidrikoaren zati bat Gardata errekara desbideratzeko banaketa kutxatila ezarriko da.