Udal tasa eta zergak KPIaren arabera eguneratzea erabaki du Lekeitioko Udalak
%2,3ko eguneratzea ezarriko dute. Urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean. Udalean dirua egonda herritarrei zergak igotzea ez dagoela justifikatuta dio Lekeitioko EH BildukUdal tasak eta zergak KPIaren (Kontsumoaren Prezioaren Indizea) arabera...
%2,3ko eguneratzea ezarriko dute. Urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean. Udalean dirua egonda herritarrei zergak igotzea ez dagoela justifikatuta dio Lekeitioko EH Bilduk
Udal tasak eta zergak KPIaren (Kontsumoaren Prezioaren Indizea) arabera igotzea erabaki du Lekeitiko Udalak, azaroaren 8an egindako osoko bilkuran. Tasa eta zergen %2,3ko eguneratzea ezarriko dutela jakitera eman dute. Aldiz, kirol ikastaroen tasak eta egun dauden hobari fiskalak mantenduko dituzte. Tasa berriak urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean.Tasen eguneraketa, besteak beste, hurrengo arloetan ezarriko dutela zehaztu dute: Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ), hiri ondasunak, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zaborren bilketa, kiroldegiko abonuak, estolderia, hilerria, merkatuak eta hirigintzako baimenak.
Gizartearen egoera ekonomikoa dela eta, azken lau urteetan tasa eta zerga horietan ez dela igoerarik egon gogora ekarri du udalak. «2015etik ez dira tasak igo, hots, udal gobernu hau lanean hasi zenetik», esan dute. Udalaren egoera ekonomikoa ona dela onartu du udalak, baina prest egon behar dela diote «hurrengo urteetan izango diren erronkei modu jasangarrian aurre egiteko». Eta horrek bultzatu dituela esan dute, ordenantza fiskal hauen eguneratzea proposatzera. «Herritarrek geroz eta zerbitzu publiko gehiago eta hobeak eskatzen dituzte, eta horri erantzun egokia eman behar zaio. Udalerrian egun daukagun ongizate maila mantentzeak erakunde publikoen lankidetzagaz gain, hiri kontribuzioa ere eskatzen du».
Bestalde, udal langileen soldatak ere eguneratu egingo dituzte. «2018ko soldatak %1,75 igoko dira, atzeraeraginezko izaeran ordainduz. 2019an, berriz ere, %2 igotzea aurreikusten da hurrengo aurrekontuen zirriborroan».
EH Bildu, kontra
Udal langileen soldata igotzeagaz ados agertu da Lekeitioko EH Bildu, baina tasa eta zergen igoeraren kontrako bozka eman du. Diotenez, momentu honetan ez dago justifikaziorik herritarrek zaborrak, estolderia, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, gainbalio zerga… gehiago ordaintzeko. «Ez gaude konforme, alde batetik uste dugulako udal gobernu hau sartu denetik ez dela egin lanketa berezirik tasa horiek igotzeko». Bestalde, momentu honetan udalean dirua badagoela azpimarratu dute EH Bildukoek, eta datorren urtean oraindik gehiago egongo dela azaldu dute. «Aurten udalak ia 350.000 euro gehiago izan ditu, eta datorren urtean are gehiago, zerga bilketa igo delako. Herritarrek PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga) bidez Bizkaiari ekarpen handiagoa egin diotela esan nahi du horrek, ordaindu dute, eta, beraz, garaia da igoerarik ez egiteko».
EH Bilduk dioenez, udal tasen 2,3ko igoera horren bidez 40.000 euro bilduko lituzke udalak, eta momentu honetan dirua egonik, eta datorren urtean oraindik gehiago, «herritarren pentsura» ibili barik beste formula batzuk aurkitu beharko lituzketela uste dute. «Herritarren poltsikoetan eragin zuzena duten zerga guztiak golpera igoko dituzte arrazoirik barik».