Urrezko domina, Joan Mari Torrealdai kide duen Jakinentzat
Pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuan egindako lana aitortu diote. Abenduaren 19an jasoko dute sariaGipuzkoako Foru Aldundiak pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta eu...
Pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuan egindako lana aitortu diote. Abenduaren 19an jasoko dute saria
Gipuzkoako Foru Aldundiak pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan egindako lanaren aitorpen gisa sarituko du Urrezko Dominagaz Jakin taldea. Abenduaren 19an hartuko du taldeak aipatu saria.Kultura taldea, aldizkaria eta argitaletxea da Jakin, eta talde historikoko kide dira Joan Mari Torrealdai foruarra, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi.
Aitorpenaren berri jakitean, esker ona agertu zuen Torrealdaik taldearen izenean: «Jakinen parte hartu duten guztientzako saria da. Talde historikoko lau kideek ez ezik, bidelagun izan ditugun guztiek egin baitute Jakin. Baita egungo Jakineko lantaldeak ere. Etorkizunera begira aritzeko bultzada ere bada saria».
Imanol Lasa foru bozeramailearen arabera, Jakin taldearen lanaren izaera era honetan laburbildu daiteke: «Euskal kultur adierazpenak modernitatearen bidean kokatzen jakin du, guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, Mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proi- ektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko».
Torrealdai, lehendakari
Arantzazuko santutegiko frantziskotarren inguruan sortu zuten Jakin taldea, eta aldizkaria izan da ardatz nagusia. Lehen zenbakia 1956. urtean kaleratu zuten, frankismo bete-betean. Bederatzigarren zenbakitik aurrera, Joseba Intxaustik hartu zuen zuzendaritza lanen ardura, baina 1968an Torrealdaik hartu zuen haren lekua, Espainiako Gobernuaren debekua etorri zenean, hain justu. Eta debeku horri jarraiki, 1969tik 1977ra argitaletxe izan zen Jakin. Azken urte horretatik aurrera, baina, kultur aldizkari bilakatu zen. Hala ere, liburuak argitaratzen ere jarraitzen du.
2014an iritsi zen berriro ere aldaketa. Orduan, Lorea Agirrek hartu zuen zuzendaritza, eta Torrealdai Jakin fundazioaren lehendakari izendatu zuten.