Bakearen Museoa, elkartasunez beteta
Fair Saturday ekimenagaz bat egin du Bakearen Museoak. Munduko Medikuak elkarteagaz erakusketa bat jarri du martxan. Errefuxiatuen testigantzekin hasi dute ekimenaGernika-Lumoko Bakearen Museoak Fair Saturday ekimenean parte hartuko du aurten, eta Mund...
Fair Saturday ekimenagaz bat egin du Bakearen Museoak. Munduko Medikuak elkarteagaz erakusketa bat jarri du martxan. Errefuxiatuen testigantzekin hasi dute ekimena
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Fair Saturday ekimenean parte hartuko du aurten, eta Munduko Medikuak elkarteagaz elkarlanean, Mugitzen diren pertsonak erakusketa jarriko dute museoaren sarrerako aterpean; gaurtik domekara bitartean ikusi ahalko da erakusketa.Zapatuan da Fair Saturday, baina ekimena domekan hasi zuten errefuxiatu eta migratzaileen testigantzak jasoz.
Busturialdea Harrera Eskualdea elkarteagaz batera, Gernika-Lumon bizi diren errefuxiatu eta migratzaileen testigantzen aterpe izan zen Bakearen Museoa. Besteren artean, Senegal, Guinea Conacri eta Camerunetik etorritakoek beraien bizipenak kontatu zituzten. Gerraz, atzerrira bidaiatzeaz, ihes egiteaz, jasarpenaz eta gezurrez hitz egin zuten han bildutakoek. Bertokoen eta etorritakoen arteko hizketaldia izan zen.
Mundu osoko artista eta erakundeek bultzatzen duten gizarte eta kultura izaera daukan mugimendu globala da Fair Saturday. Urtez urte, azaroaren azken larunbatean egiten da, eta gero eta gehiago dira ekimenean parte hartzera animatzen direnak. Munduan zehar hainbat ekitaldi egingo dira zapatuan, eta guztiek daukate Gobernuz Kanpoko Erakunde bati edota gizarte proiektu bati babesa emateko helburua.
Erakusketa
Bakearen Museoak Munduko Medikuak elkarteagaz batera herritarrei osasunerako eskubideen aldeko mezua helaraziko die Mugitzen diren pertsonak erakusketagaz. Gaur hasiko den kanpaina horren bitartez, gizartea eraldatzeko heziketa eta eragin politikoa bultzatu gura ditu.
«Munduko Medikuak elkartearen proiektuak artearen, kulturaren eta elkartasunaren alde egiteaz gain, helburu du migratzaileen, errefuxiatuen eta giza eskubideen defendatzaileen indarguneak, borrokak eta lorpenak herritar guztiei ikusaraztea», azaldu dute Bakearen Museoko arduradunek.
Funtsezko eskubideen urraketak irudikatuko dituzte erakusketan. Horretarako, Europan eta Espainiako estatuan eskubideak urratu dituztenen testigantzak ikusi ahal izango dira.
Proiektuari laguntzeko aukera izango dute bertaratutakoek, zerbait emanda edota elkarteak museoaren dendan salgai jarri dituenak erosita. Aste honetan bildutako dirua Munduko Medikuak elkarteak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban dituen Gizarte Eraldaketarako proiektuetara bideratuko dute.
Zapatuan, Fair Saturday egunean, Utzi zure urratsa familientzako tailerra egingo dute. 8 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu dezake bertan.