Europako txapelduna da berriz ere Kerman Lejarraga morgarra
Gavinek pisua bi kilotan gainditu du, eta morgarrak automatikoki berretsi du titulua. Txutxi del Valle haserre agertu da, «errespetu falta» dela iritzita. Munduko txapelketa du orain helburuKerman Lejarraga morgarrak Europako welter pisuko txapelduna...
Gavinek pisua bi kilotan gainditu du, eta morgarrak automatikoki berretsi du titulua. Txutxi del Valle haserre agertu da, «errespetu falta» dela iritzita. Munduko txapelketa du orain helburu
Kerman Lejarraga morgarrak Europako welter pisuko txapelduna izaten jarraitzen du, Frankie Gavin britainiarrak maila horretan aritzeko beharrezkoa zen gehienezko pisua baino gehiago eman zuelako. Barikuan Bilboko Itsasadarra museoan egin zuten bi kirolarien pisaketa, eta welter mailan aritzeko gehiengoa den 66,700 kilo baino bi kilo gehiago eman zituen, 68,700 kilo, hain zuzen.Aurkaria pisu mugatik igaro izanak Lejarraga gerrikoaren jabe egin zuen, Europako Boxeo Federakuntzaren araudiaren arabera. Lejarragaren entrenatzaile Txutxi del Vallek aitortu zuen «errespetu falta ikaragarria» izan zela pisaketa saioan gertatutakoa. Baina morgarrak lehia bere horretan mantentzeko asmoa erakutsi zuen barikuan bertan: «Txapeldun izaten jarraituko nuela nekien, baina hori ez zen nik nahi nuena. Ez da oso profesionala pisuaren gainetik egotea, baina zer egingo diogu ba, nik borrokatu egin nahi nuen ,eta banekien %100 aterako nintzela». Gaineratu zuen bere pisua kontrolpean edukitzeko «dieta zorrotza» jarraitu duela azken hilabeteetan, hutsik egin gabe. «Azkenean ondo egiten den lanaren ondorioak ikusi egiten dira».
Beste behin, KOz
10.000 lagunetik gora espero ziren Barakaldoko BECeko Bizkaia Arenan, eta zaleek ez zuten hutsik egin. Tartean morgarrak ziren asko, eta animorik ez zitzaion falta izan boxeolariari: «Polita izan da hainbeste lekutatik etorritako jendetza ikustea harmailetan».
Lehen borrokaldiak ez ziren hain gogorrak izan, eta lehenaren eta hirugarrenaren garaile Gavin izan zen (bietan 9-10). Baina morgarra apurka-apurka gailentzen ari zen ring-ean eta bigarrena irabaztea lortu zuen (10-9). Laugarren borrokaldian KOz irabazi zuen lehia Lejarragak. Aurkariaren guardia zabaltzerakoan edukitako pazientzia eta haren kolpe izugarria izan ziren lehia irabazteko gakoetako batzuk. Laugarren borrokaldian egindako konbinazio batek erabakita utzi zuen lehia: lehenengo upper bat sartu zion eskuinagaz, ondoren ezkerragaz hegalean emandako kolpe bategaz britainiarra lurrean uzteko. Lehertu egin ziren Bizkaia Arenako harmailak.
Nahiz-eta Europako luma pisuko gerrikoaren jabe borrokaldia baino lehenagotik izan, Lejarragarentzat garrantzitsua zen borrokaldia lehiatu eta irabaztea, Munduko txapelketarako bidea egiten jarraitzeko.
27 borroka lehiatu ditu guztira Morgako errebolberrak, eta 22 KOz irabazi ditu: «Garaipen honek Munduko txapelketan parte hartzeko balio dezake, horregatik eta zaleengatik zen hain garrantzitsua lehiatzea eta irabaztea. Eskerrik asko BECera etorri zareten guztioi».