Mutriku eta Deba arteko Ipitxarri bihurguneko lanak hasi dituzte
Atzo goizean hasi zituzten Mutrikuko Ipitxarriko bihurgunearen azpia hobetzeko eta egonkortzeko lanak. Beharrezko konponketak egiteko bi garabia erabiliko dituzte, eta horiek GI-638 errepideko galtzada oso behar dutenez, Mutriku eta Deba batzen dituen ...
Errepidea moztuta badago ere, Mutrikuko Urazamendiko eta Larangako auzotarrek euren auzoetara sartzeko aukera dute. «Errepidearen mozketa Ondarbeltz hondartza parean dagoen aparkalekuan egingo da, eta Urazamendi kalera sartu ahal izango da, Debatik etorrita. Laranga auzora, berriz, GI-638 errepidetik sartu ahal izango da, Mutrikutik etorrita». Atzo, 09:00etan, zarratu zuten errepidea, eta Mutrikun, errepidea itxita dagoela adierazten duen zirkulazio seinalea ipini zuten Aldundiko langileek Txanbolingo biribilgunean eta Garbiguneko parean. Larangako auzotarrek errepidea auzoraino irekita dagoela dioen seinalea ipintzeko eskatu dute. «Hor ez dago inongo aipamenik auzora, hotelera, jatetxeetara sarrera badagoela».
Autobus zerbitzu berria
GI-638 errepidea itxita dagoen bitartean, ibilgailuek, nahitaez, Galbaixotik igarotzen den GI-3230 errepidetik igaro beharko dute, baina pisu eta luzera handiko kamioi eta autobusak ezin dira Galbaixotik ibili, horiek Lea-Artibaiko BI-633 errepidetik desbideratuko dituzte; hori dela eta, autobus ordutegi berria ezarri dute datozen egunotarako. Hala, Lurraldebusen DB03 Lekeitio-Donostia, DB04 Mallabia-Deba-Ondarroa, DB05 Ondarroa-Zumaia eta DB06 Soraluze-Ondarroa lineek aldaketak edukiko dituzte ibilbide eta geralekuetan.
Galbaixoko errepideak dituen mugak direla eta, erabiltzaileek mikrobusean egingo dute tarte hori, eta, ondoren, autobusez aldatu. «Eragina ahalik-eta txikiena izan dadin eta Ondarroatik irteten duten edo Ondarroara doazen erabiltzaileek Mutrikun aldaketa egitea saihesteko, anezka zerbitzua jarriko da Deba eta Ondarroa artean». Lekeitio eta Deba arteko lotura ere mikrobus gehigarri bategaz egingo da. Lekeitiotik datozenek autobusez aldatu beharko dute Txanbolingo biribulguneko geralekuan, eta mikrobusa hartu Debaraino.
Gogorarazi dutenez, anezka zerbitzua doakoa izango da, eta Urazamendiko erabiltzaileei ere emango die zerbitzua. Ondarroatik, esaterako, ohi baino 15 minutu lehenago irtengo dute mikrobusek. Autobus aldaketa Debako aparkalekuan egingo da, segurtasuna bermatzeko gordetako gunean. «DB03 Lekeitio-Donostia lineako erabiltzaileek autobus aldaketa Debako Alameda geralekuan egingo dute, Donostiako noranzkoan, eta aparkaleku sarrera ondoan, Lekeitioko noranzkoan».
Lurraldebusek nabarmendu duenez, anezka zerbitzu nahikoa ipiniko dituzte. Informazio gehigarria behar dutenek doako 900 300 340 telefono zenbakira deitu dezakete.