Andoni Aretxabaletak ez du egueneko partidua jokatuko

Andoni Aretxabaletaren lekua hartuko du Ibai Zabalak EPELen Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldian. Eguenean [abenduak 6] Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu behar zuten hurrengo kanporaketa Aretxabaletak eta Urrutikoetxeak, baina Markina-Xemeingo pilotariak ez duela jokatuko jakitera eman du Asegarcek.

Joan den barikuan takoak prestatzen ari zela, eskumako atzamarrean zauria egin zuen Aretxabaletak, eta atzo [abenduak 2] Artola eta Mariezkurrena II. aren kontra jokatutako partiduan atzamarra errementatu egin zitzaiola jakitera eman du pilotariak. “Hasiera partean pilota txarto jo nuen, eta zauri txiki bat neukan, itxita berez, baina atzamarra barrutik errementatu egin zitzaidan. Apurka-apurka zabaltzen joan zen zauria, eta azkenerako guztiz zabaldu zitzaidan”, argitu du.

Andoni Aretxabaleta Artola eta Mariezkurrena II. aren kontrako partiduan. Argazkia: Asegarce

Andoni Aretxabaleta Artola eta Mariezkurrena II. aren kontrako partiduan. Argazkia: Asegarce

Gaur puntuak jarri nahi izan dizkiote Aretxabaletari, baina, josi ordez, paperezkoak ezarri dizkiote. “Zati batean ezingo dut pilotan egin, entrenatzen badut ere zabaldu egiten zait zauria, eta beraz, zati batean pilotan ez jokatzeko esan didate”. Asegarceko pilotariak ez daki noiz arte egongo den jokatu barik. “Ez dut uste denbora gehiegi izango denik; egunez egun ikusi beharko da zelan doan. Itxi arte egon beharko naiz horrela”.

Txapelketa hasi denetik partidu bi jokatu dituzte Aretxabaletak eta Urrutikoetxeak. Olaizola II eta Albisuren kontra tanto bakarreko aldeagaz galdu zuten. Atzo [abenduak 2], berriz, 22-13 galdu zuten Artola eta Mariezkurrena II. aren kontrako partidua. Urdinak nagusi izan ziren. Horren adierazgarri izan zen Aretxabaleta eta Urrutikoetxeari ateratako 5-19 ko aldea. Bizkaitarrek, hala ere, ez zuten etzi, eta 22-13ra arte eraman zuten markagailua. Seguruenik, Aretxabaletaren zauriak zerikusia izango zuten emaitzan pilotaria odoletan egon zen-eta partida osoan.

Txapelketa hasi berria bada ere, puntu guztiak daukate garrantzia aurrera egin ahal izateko. Egueneko partiduan Bengoetxea VI. eta Imaz izango dituzte aurkari. 17:00etan hasiko da jokoa.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend