Abendurocken giroan
Ohiko formatuari zenbait aldaketa egin dizkio Mutrikuko Rock Kolektiboak. Gaurtik aurrera emango dituzte doan Zea Maysen kontzerturako sarrerak. Abenduaren 22an izango da MRK gauaMutrikuko Rock Kolektiboko kideen eskutik heldu da 14. Abendurock jaialdi...
Ohiko formatuari zenbait aldaketa egin dizkio Mutrikuko Rock Kolektiboak. Gaurtik aurrera emango dituzte doan Zea Maysen kontzerturako sarrerak. Abenduaren 22an izango da MRK gaua
Mutrikuko Rock Kolektiboko kideen eskutik heldu da 14. Abendurock jaialdia ere. Urtero bezala hainbat kontzertuz gozatzeko aukera ekarriko du, eta, aldi berean, musikarekin zerikusi estua duten beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte. Herriko kulturzaleak gaztetxean doan egingo diren ekimenetara gonbidatu dituzte.Abendurock aldaketa txiki batzuekin datorrela esan dute. Aurten ez da astero kontzerturik egongo, bai, ordea, musikari lotutako hainbat ekintza. «Formatu aldetik aldaketa txiki batzuk egin baditugu ere, ez da zer entzun eta zer ikusirik faltako».
Abenduaren 9an 18:30ean Aritz Larrea Begipuntuan mutrikuarrak ateratako argazki erakusketa inauguratuko dute. MRK-ko kideak hainbat kontzertutan ateratako argazkirik esanguratsuenak zintzilikatuko dituzte gaztetxeko hormetan. 30 argazki inguruk osatuko dute erakusketa, eta domekatik hilaren 16ra 18:30etik 20:00etara eta Abendurockeko kontzertu egunetan ere ikusi ahal izango da.
Erakusketaren irekiera ekitaldia amaitu eta gero, 19:30ak aldera, 24 hour party people film britainiarra proiektatuko dute. «70eko hamarkada amaiera eta 90eko hamarkada hasiera bitarteko Manchester hiriko musika taldeen bizipenak azaltzen dira; baita ere beraien lanak ekoizten zituen Factory Recordsenak. Filma gaztelaniaz izango da».
Hurrengo hiru asteburuek estilo askotariko musika estiloek zipriztinduta etorriko dira. Denetarik entzuteko aukera egongo da gaztetxeko oholtza gainean. Eta proposatu dituzten kontzertuen artean, Zea Mays ikusteko aukera ere egongo da abenduaren 15ean, 22:30ean.
Banda bilbotarrak 2005ko Gaba Beltzean jo zuen estreinako Mutrikuko Gaztetxean, eta Abendurocken baitan bigarrenez etorriko dira Mutrikuko Gaztetxera. «Erdi geldirik dago talde bilbotarra azkenaldian, euren lan berria izango dena prestatzen. Hala ere, nahiz eta kontzertu gutxi jotzeko erabakia hartua duten, Mutrikura etortzeko gonbiteari ez diote ezetzik esan».
Gaztetxea txiki geratuko dela iritzita, sarrera mugatua izango du Zea Maysen kontzertuak, eta txartela beharko da sartzeko. Txartelak gaur lortu ahalko dira, doan, gaztetxean, 19:00etik 21:00etara. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, pertsona bakoitzeko, gehienez, bi sarrera emango dira.
Abenduaren 14an, 22:30ean, berriz, gaztetxera joango direnek gau akustikoa izango dute aukeran. Maren gazte bilbotarra eta Bi zaldi Zaldibiatik datorren hirukotea igoko dira oholtzara.
Ohi modura, kolektiboko talde guztiak protagonista bihurtzen diren MRK Gaua ere antolatu dute. Abenduaren 22an, 22:30ean hasita, MRK-ko kide direnek, izan zirenek eta herriko musika zaleek hitzordu berezia izango dute, dudarik gabe. «Etxeko taldeek hainbat bertsio ezagun taularatuko dituzte. Urteko gau berezienetakoa izaten da zalantzarik gabe askorentzat».
Aurtengo proposamenekin amaitzeko, Eskean Kristoren kontzertua egongo da abenduaren 29an, 22:30ean. Arratiarrek azken lana aurkeztuko dute.