Kultur eta kirol ekintzak egiteko laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute

Markina-Xemeingo kultur eta kirol elkarteek abenduaren 31ra arteko epea daukate 2019rako diru laguntza eskaera egin eta datorren urterako ekintzen edota programaren proposamenak aurkezteko. Eskaerak eta agiriak udaletxeko harreran aurkeztu beharko dituzte PDF bihurtuta, USB memoria edo diskete batean, edo mezu bat bidalita udaletxeko helbide elektronikora.

Era berean, 2018ko udal diru laguntzak justifikatzeko epea ere 2018ko abenduaren 31n amaituko dela jakitera eman du udalak.

Diru laguntzak emateko prozedura kasuan kasukoa izango dela jakitera eman dute, eta irizpide batzuk ezarri dituzte eskabideak onartzeko. Horien arabera, euskara, parekidetasuna, autokudeaketa, beste talde zein udalaren ekintzetan parte hartzea, gazteen artean kultura eta kirola bultzatzea, sormena sustatzea, etorkinak gizarteratzeko ekintzak barne hartzea, balioak bultzatzeko jarduerak barne hartzea eta aurreko urteetan gauzatutako egitaraua eta balantzea hartuko dituztela kontuan azaldu dute.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend