Solabarrieta Eibarko eta Sporting de Gijoneko jokalaria izan zen, eta
bihar [abenduak 6], Ipuruan bi taldeen arteko partidua egongo dela aprobetxatuta, ondarrutarrari omenaldia egingo diote. Zehaztu dutenez, partidua 18:30ean hasiko da, eta Solabarrieta
atsedenaldian omenduko dute.
Amaia Gorostiza Eibar kirol elkarteko lehendakariak taldeko
urrezko intsignia emango dio.
El rematador total deitzen zioten Solabarrietari, eta Eibarren 1961-1962 denboraldian jokatu zuen. “Eibarren gol asko sartzen zituen, eta Sportingek fitxatu egin zuen”. Sportingen 1963tik 1969ra arte egon zen jokatzen. 1966-1967 denboraldian 24 gol sartu zituen, eta ondorioz bigarren mailako goleatzailea (
Pichichi) izan zen. “Bai Paco eta baita bere emazte Arantza ere oso gustura egon ziren Asturiasen (Espainia). Hain gustura ze, euren seme-alabak (Aitor eta ZuriƱe) han jaiotakoak direla”.
“Sportingek fintxatu ninduen burura etortzen zitzaidan guztia errematatzen nuelako. Eibarren
Fernando Badiola ondarrutarragaz egon nintzen, eta baita
Garagarza abizeneko mutrikuar batekin ere”, dio Solabarrietak. Eibarren denboraldi bakarra egin bazuen ere, Sportingen egon zen urteetan hango izarra izan zen. “Inoiz ez dut lehen mailan jokatu”.
Gaur egun, Solabarrieta Sportingen gol gehien sartu dutenen
zerrendan zazpigarrena da. Liga eta Kopa kontuan edukita, Solabarrietak 129 gol sartu zituen Sportingen. “Jokatzen txarra nitzen. Nirea erremateak ziren. Orduan Oviedo zen aurkaririk gogorrena, eta horregatik, nire partidurik onena haien aurka jokatutakoa izan zen. 5-4 irabazi genuen, eta nik hiru gol sartu nituen. Real Sociedaden aurka jokatutako partidu bat ere gogoratzen dut. 5-2 irabazi genuen, eta nik lau sartu nituen”.
Gol guztien artean, Real Unionen aurkako partidukoa gogoratzen du Solabarrietak. “Baloia zelai erdian hartu eta gola sartu arte aurkariak gainditzen joan nintzen”.
Garai hartako jokalariei buruz galdetuta, bere kide Pocholorekin geratzen dela dio. “Mendiluze (Real Sociedad) ere ona zen. Eta zer esanik ez Di Stefanori buruz. Azken horren aurka Errege Kopako partiduetan neurtzen ginen. Orduko mirestuena zen, eta onena ere bai, denetarik egiten zuen eta”.
1969an joan zen Sportingetik. “Carriega sartu zen entrenatzaile lez, eta hark ez zuen nirekin kontatzen. Beraz, Osasunara joan nintzen urtebeterako, eta ondo pasatu nuen. Gero Aurrerara joan nintzen, eta ostean Tudelanora. Azken horretan entrenamenduetara eta partiduetara joateko auto bat utzi zidaten. Valladoliden aurka debutatu nuen, eta Huescaren aurka lau gol sartu nituen; gol horiek salbatu egin gintuzten”. Eta hortxe amaitu zen bere ibilbidea, eta Ondarroara itzuli zen. “Banatzaile legez hasi nintzen (
Paco rekadisti) lanean. Furgoneta bat erosi nuen; lan horretan
sei furgoneta ere gastatu ditut“.
Solabarrieta, behean, ezkerretik laugarrena.