Emakumeen zesta-punta bizi-bizi dagoela erakutsi dute pilotariek asteburuan Berriatuan ospatu duten
Xisterako Nesken Nazioarteko Topaketetan. Guztira
40 puntista batu ziren zapatuan [abenduak 1] eta domekan [abenduak 2] Mendibarren frontoian; Euskal Herriko, Frantziako eta Kataluniako ordezkaritza zabala eduki dute topaketek. Xisteraren baitako klubez gain Pamiers, Tolouse eta Vasconia Barcelona taldeko pilotariak ikusteko aukera eduki dute zesta-punta zaleek.
Zesta-puntan jokatu eta beste talde batzuetako pilotariekin partekatzeko aukera ere eduki dutela jokalariek nabarmendu dute Xisterakoek. Topaketek, gainera, adin ezberdinetako kirolariak batu dituztela esan dute. “Beste urrats bat eman du emakumeen zesta-puntak”, adierazi dute, eta datorren urteari begira jarri dira.
Berriatuan ospatu den Xisterako Nesken Nazioarteko topaketako puntistak. Argazkia: Xistera
Kinielak eta partiduak. Zapatu goizean kinielak jokatu zituzten puntistek, eta Nicolas-Gurrutxaga, Goienola-Revilla eta Aldazabal-Perez izan ziren irabazleak. “Ainara Gurrutxagaren kasua berezia da. Aita azpeitiarra du, ama kataluniarra eta Bartzelonan bizi dira, eta beraz Bartzelonako taldean ari da”, azaldu dute.
Arratsaldeko kinieletan, berriz, Idoeta-Otaño, Idoeta-Elezgarai eta Otaño-Arai izan ziren irabazleak. Ondorengo hiru partiduetan, ostera, Arakistainek eta Arbek 2-0 irabazi zieten Uclesi eta Calvori (15-7 eta 15-14), Laugiek eta Merinok 2-1 hartu zituzten mendean Ortiz de Mendibil eta Garcia (14-15, 15-5 eta 5-3), eta azkenik Cañisek eta Lizardik 2-0 irabazi zieten Aldazabali eta Perezi (15-11 eta 15-13).
Domekan ere kinielak jokatu zituzten pilotariek. Miren-Uzuri, Beltran-Arai eta Cañis-Arai izan ziren kinieletako irabazleak.
Nesken Xistera Zirkuituko partidak ere jokatu dira Berriatuko topaketen baitan.
Mendibil eta Arriola 2-0 nagusitu zitzaizkien Arakistain eta Merinori (10-15 eta 3-15).
Aldazabalek eta Campok irabazi zuten zirkuituko bigarren norgehiagoka. Pareko ibili ziren Aldazabal-Calvo eta Arakistain-Arriola bikoteak. Emozioz betetako partidua eskaini zuten, eta hiru joko estuen ostean, azken tantoan erabaki zen partidua. (14-15, 15-12 eta 5-4).
Gizonezkoen Ugarein Zirkuitua. Gizonezkoen Xistera Zirkuitua ere aurrera doa. Bariku gauean amaitu zen Zumaiako Xistera Ugarein Zirkuituko Torneoa eta
Agirre-Olazagasti gazte mailan eta
Goixerri eta Elkorobarrutia nagusietan izan ziren onenak.
Tolosako Ugarein Xistera Zirkuituko Elolaren Oroimenezko Torneoko kanporaketak ere asteburu honetan jokatu dira. Kiniela erara jokatu ziren kanporaketak domeka eguerdian. Gazte mailan
Berge eta De Betelu izan ziren irabazleak, bigarren
Arrillaga eta Iturralde sailkatu ziren eta bikote bi horrek jokatuko dute zapatuko [abenduak 8] finala. Nagusien mailan, berriz,
Antxon eta Manci atera ziren garaile eta bigarren
Anton eta Sanchez. Finalean egongo dira bi bikote horiek ere.