Bilboko alde zaharreko kale batetik nabil bizikletaz goizaldeko ordu ilunetan. Hogei bat metro aurrerago, nire norabide berean doazen hainbat pertsonen tartean gizon baten aurpegiak beldur eta desatseginez begiratzen nau. Bere martxa eten du, ni honetaz konturatu eta bihurgune handi bat marraztu arte. Barre egiten dut nire golkorako gizonaren tokiz kanpoko erreakzioak, niri denbora gehiagorekin erantzuteak utzi ez didan logurak, gainerako pertsonak, eguneko argi faltak, gure gizarteak oinezko guneetan bizikletaz ibiltzeari buruz ezartzen duenak eta bestelako hainbat faktorek gizonarekin izan dudan elkartruke labur horretan inplikaturik daudela pentsatzean. Bere begiradak kontu handiagoarekin ibili beharko nintzatekela esan nahi izan duelako, eta nik, aldiz, hogei metro aurrerago bera nire bizikletak joko dudala pentsatzeko zer gertatu ote zaion gogoan daukadalako, eta nire logura, eta gainerako pertsonak, eta….
Hitzak argitaratzeko aukera ematen didan zutabe hauetan gure egunerokotasunean gertatzen zaizkigun edo eraikitzen ditugun egoerak harremanen ikuspuntutik aztertzea gustatzen zait ez norbaiten erantzukizun edo ezaugarri indibidualen perspektibatik.
Gorago azaldutako egoera, inolaz ere sendoa ez den harreman batean oinarritzen bada ere, ziur aski gehiagotan ikusi edo antzemango ez dudan gizon horrena eta nirea, alegia, gure elkartrukea erantzukizun erlazionala medio azaldu daiteke: hau da, ni ez naiz nire bizikideen beharrizanen gainetik dabilen fitipaldia eta bera ez da antsietatez jositako pertsona (azalpen hauek bere edo nire baitako ezaugarriren batean kokatuko lukete interesa, harremanean gertatzen dena alde batera utziz). Berarentzat handiegia den nire abiadura eta niretzat esajeratua den bere ezustekoa gure harreman edo elkartruke labur honekiko erantzukizunez ebatzi dugu: nik zeharkako bidea hartuz eta bera lasaituz.
Harremanarekiko erantzukizuna erakusten duten ekintzak zentzuzko elkar-emanak posible egiten dituzte. Soziokonstrukzionismoak esaten duen bezala, zentzua edo esanahia harremanen bitartez sortzen baldin bada, harremanarekiko erantzukizuna izateak esanahi horren sorrera erraztea izan beharko litzateke.
Gertakari sinple honetan edota benetan garrantzitsuak zaizkigun harremanetan aztertu eta aplikatu dezakegu ia-ia filosofia edo harremanei heltzeko era bezala. Ze emaitza dakarkizu zuri, ikuspuntu hau erabiltzeak?