Karmen jaietako balorazioa kaleratu dute

Aurtengo Karmen jaietako balorazioa jaso dute Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak eskuorri batean, eta antolaketan egon ziren gastu guztien balantze ekonomikoa ere gehitu dute. Etxez etxe banatuko dituzte eskuorriak, eta jakitera eman dutenez, herriko hainbat puntutan ere utziko dituzte: udaletxeko harreran, Herri Bibliotekan eta Uhagon kulturgunean.

Jai Batzordeak egindako jaien osteko azterketaren arabera, Karmen jaien balantzea oso ona izan da orokorrean. Ikuskizun handiek jende ugari erakarri dutela esan dute, besteak beste, Unian egin diren emanaldiek. «Kaleko ekintza asko egotea ere ondo baloratu da».

Herri bazkariak eta barrakak ere balorazio ona eduki dute. Guztira 2.750 pertsonak bazkaldu zuten Zelaian. Bero handiegia egin zuela adierazi dute herritarrek, eta eguzkitik babesteko neurriren bat hartzea aztertu duten arren, karpa bat jartzeko aukera baztertu egin dute erabat. «Bestelako alternatibaren bat lantzeko aukera mahai gainean dago». Bestalde, hobetu daitezkeen arloen artean, organikoa batzen hastea nabarmendu dute, eta bazkalostean kuadrillek Goiko Portaleko iturrian egiten duten garbiketa kontrolatu beharra ikusi dute, «ur hori errekara doalako zuzenean».

Berritasunekin ere gustura

Barraken eremuaren alderdi bat obretan egon den arren, barrakentzako nahikoa espazio egon dela azaldu dute, eta erabiltzaileek balorazio ona eman diote. Hala ere, badago zer hobetu, musika bateratua lortzea, adibidez. «Beste urte batzutan baino euskal musika gehiago entzun da, eta hori oso modu positiboan baloratu da».

Aurtengo berritasunetako bat Uhagon kulturgune osteko bolatokia izan da. «Erantzun bikaina eta parte hartze handia egon zen jaietan egin ziren tiraldietan. Batez ere, helduak aritu dira, baina gazte jendea ere animatu da eta emakumeen parte hartzea ere nabarmentzekoa izan da».

Herri kirolak egunez aldatzea ere ontzat jo dute herritarrek, eta umeen jolasak ere egokiak begitandu zaizkie. «Egurrezko parkeak eduki du batez ere arrakasta». Bai danborradako bandaren bai eta Karmen Eguneko emanaldia eskaini zuen Euskadi Brass taldearen balorazio ona egin dute markina-xemeindarrek, eta jaietan udaltzaingo gehiago egotea ere positiboki baloratu dute. Beste behin eraso sexistarik gabeko jai parekideen alde egin dela azpimarratu dute udalak eta Jai Batzordeak. Bestalde, su artifizialen ikuskizunean suek hartzen duten perimetroa berraztertuko dute, «aurten bi lagunek min hartu dutelako».

Jaietako balantzeari dagokionez, ekintza, sari, publizitate, hornidura eta antolaketako beste arlo guztiak batuta, jaiek 120.714 euroko kostua eduki dutela jakitera eman dute. Den-dena ageri da zehatz.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend