Markina-Xemeingo Leartiker Zentro Teknologikoak CRAM unitatea jarri du martxan

Markina-Xemeinen dagoen Leartiker Zentro Teknologikoak CRAM unitatea jarri du martxan. Unitate horren bidez FDM filamentuak (hariak) ekoiztuko ditu enpresa eta ospitaleentzako, ISO 7 gela garbiaz baliatuz. “Fabrikazio Gehigarriko eta Health unitateak elkarlanean egindako lanaren fruitua da CRAM”, azaldu dute.

Leartiker, medikuntzan erabiltzen diren sistemen hobekuntzan material polimeriko berriak aztertzen dabil.

2018ko urriaz geroztik, gela garbian haria fabrikatzeko ekipo berezi bat garatu eta martxan jarri du. “Bezeroarentzat PCL materialezko hariak fabrikatu dira dagoneneko”. Hari mota horien bezero nagusiak, batez ere, ospitaleak dira eta produktu horrekin ospitaleetan bertan azken pieza zein inplanteak fabrikatzen dituzte, hala nola, Scaffold bezala ezagutzen diren ehunak. “Horrez gain, epe motzean, FDM inprimagailu berezi bat ere integratuko dugu gela garbian, eta horrekin, haria fabrikatzeaz gain, azken produktua inprimatzeko aukera emango die bezero eta partner ezberdinei”.

Biomedikuntzaren sektorea etorkizuneko erronka da Markina-Xemeingo zentroarentzat. Jakitera eman dutenez, Leartikerren plan estrategikoaren helburua 2020an teknologia-guneko ikerketa-bolumenaren %15 biomedikuntzaren sektorearekin erlazionatua egotea da.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend