Orrigorri, kultura aberasten
Azaroaren 25ean hasi zen III. Orrigorri ekimen literarioa Ondarroan. Eta Gabonetara bitartean, beste hainbat ekintza egingo dituzte. Aurten, gainera, egitasmoaren baitako ekintzak Moby Dick tabernan ari dira egiten.Euskal kulturaren transmisioa lantzek...
Azaroaren 25ean hasi zen III. Orrigorri ekimen literarioa Ondarroan. Eta Gabonetara bitartean, beste hainbat ekintza egingo dituzte. Aurten, gainera, egitasmoaren baitako ekintzak Moby Dick tabernan ari dira egiten.
Euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izatea. Horixe da Ondarroako Orrigorri ekimen literarioaren helburu nagusia. Urtebeteko atsedenaldia hartu ostean, ekimena azaroaren 25ean hasi zen berriro, Iñigo Aranbarri Lekeition bizi den idazlearen solasaldiagaz. Egitasmoari esker, Gabonetara bitartean, Ondarroa literaturaren topagune bihurtuko da beste behin ere.Joxe Mari Urteaga idazle eta kultur eragileak nabarmendu duenez, Orrigorri Ondarroako eskaintza kulturala aberasten duen ekimena da, Marabilli, Literatur Amuak, Sare Artin eta beste ekimen batzuekin batera. «Ekosistema kultural osasuntsua daukagu herrian, eta denon ardura da bakoitzari dagokigun esparrutik hauek zaintzea».
Aiert Goenaga ekimen literarioaren arduradunak azpimarratu duenez, aurten ere hastapeneko helburuak mantenduko ditu ekimenak, baina aldaketak ere badaude. Alde batetik, lekua bera aldatuko da; Arrigorri hondartzako Moby Dick tabernan egingo dira solasaldiak. Beste alde batetik, komunikazio estrategia bestelakoa izango da. «Solasaldi bakoitzaren aurreko egunetan esango dugu zein datorren. Hala ere, aurrez esan genezake programazioaren kalitatea punta-puntakoa dela, eta horrenbestez, oso pozik gaudela hain baliabide urriekin lortu dugunagaz».
Ekimen positiboa
Gotzon Barandiaran idazlearen iritziz, formatua txikia eta oso aberasgarria da hartzailearentzat. «Sortzaile eta hartzaile garenontzat oso garrantzitsuak dira komunikazioa errazten duten honelako dinamikak».
Rafa Rueda musikariak dio oso modu positiboan hartzen dituztela euren esparrua indartu eta publikora modu desberdinean iristeko antolatzen diren ekimen guztiak.