Urremendiren «gardentasun falta» salatu du EH Bilduk
Landa garapen elkarteak oraindik ez duela aurtengo diru kontuen berri eman jakinarazi du koalizioak. Urremendi EAJ alderdiaren «gotorlekua» dela dioUrremendi Landa Garapen Elkarteak oraindik ez duela 2018. urteko diru kontuen berri eman salatu du EH ...
Landa garapen elkarteak oraindik ez duela aurtengo diru kontuen berri eman jakinarazi du koalizioak. Urremendi EAJ alderdiaren «gotorlekua» dela dio
Urremendi Landa Garapen Elkarteak oraindik ez duela 2018. urteko diru kontuen berri eman salatu du EH Bilduk. Hala, elkartearen gardentasun falta «nabaria» dela esan du, ezaugarri hori ezinbestekotzat joz elkarteak dituen helburuak betetzeko.«2018. urtea amaitzen ari da, eta oraindik elkarteak ez du diru kontuen berri eman. Ez dakigu aurten zertan gastatu duten dirua, ez eta hurrengo urteetan zertara bideratuko duten ere. Urte osoan ez dugu elkartearen aurrekonturik ikusi».
Koalizioak dioenez, Urremendik lehen sektorea bultzatu beharko luke, baina ez du lana behar bezala egin: «Urremendik lehen sektorea bultzatzeko agente garrantzitsua izan beharko luke, baina egunerokotasunean egiten dituen ekintzak aztertu eta gero, elkarteak ez duela bere funtzioa betetzen esan genezake».
Landa garapen elkartean gertatzen dena «lotsagarria» dela eta EAJren «gotorlekua» dela uste dute: «EAJk elkartean nahi duena egin eta nahi dituen pertsonak kontratatzen ditu».
Urte hasieran zuzendari berria aukeratzeko prozesua zabaldu zuten Urremendin, eta zerrendan lehenengo postua lortu zuenak hartu zuen kargua. Uda aurretik, baina, zuzendaritza taldeak hala erabakita, zuzendaria kaleratu zuten, «lanposturako egokia ez zela argudiatuta».
Baldintza aldaketa
Horrela, uda hasieratik gaur egunera arte zuzendari barik egon da Urremendi. Eta orain, EAJk «nahi duena» jarri duela postuan kritikatu du koalizio abertzaleak: «Administrari lanetan egon den langilea zuzendari jartzeko asmoagaz, aurretik jarritako baldintzak aldatu dituzte eta berau jarri dute karguan». Horrenbestez, aurreko prozesuan sortutako zerrenda ez dela erabili eta ez diotela zerrendako hurrengoari deitzeko asmorik eduki salatu dute.
Hauteskundeetarako hilabete gutxi geratzen direnean, gainera, landa garapen elkartearen presidenteak ere dimititu egin du, eta elkartean zegoen anabasa «handitu» egin dela dio koalizio abertzaleak.
Orain dela bi urte ere Urremendiren jarduna zalantzan jarri zuen EH Bilduk. Orduko hartan prentsa ohar baten bidez adierazi zuten «onartezina» zela landa garapen elkarteak 2015eko memoria, balantzea eta 2016 urterako ekintza plana azaroan aurkeztu izana.
Urremendik ez zuela bere lana «behar bezala bete» azpimarratu zuten orduan ere. Diru laguntzak lehen sektorera bideratu beharrean beste ekintzetarako bideratu zituztela kritikatu zuten, bere funtzioa zalantzan jarriz.
Hala, baina, Busturialdeko EH Bilduk estrategikotzat jo zuen lehen sektorea bultzatzea eta babestea. Horregatik, neurri zehatzak eta proiektu egokiak bideratu beharko lituzketela azaldu zuten 2016ko abenduan egindako idatzian.