DemaSA lehiaketa irabazi dute Jonal Lejardik, Andoni Basurkok eta Asier Riverak
'Biharkoa atzo' film laburra 24-48 ordu tartean sorturiko lanik onena izan da. 300 euro eta produktu sorta bat irabazi dituzte. Getxoespress 2018 lehiaketan ere sari nagusia lortu duteEuskaltzaleen Topaguneak antolatutako DemaSA sortzaile amateurren le...
‘Biharkoa atzo’ film laburra 24-48 ordu tartean sorturiko lanik onena izan da. 300 euro eta produktu sorta bat irabazi dituzte. Getxoespress 2018 lehiaketan ere sari nagusia lortu dute
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako DemaSA sortzaile amateurren lehiaketa irabazi du Jonal Lejardi eta Andoni Basurko mutrikuarrek eta Asier Rivera ondarrutarrak osatutako Epidemik taldeak. Biharkoa atzo lana, hain zuzen, 24-48 ordu tartean sorturiko film laburrik onena izan da.Irabazleek 300 euro eta produktu sorta bat irabazi dituzte. Bertoko hiru sortzaileek pozik eta harrituta hartu zuten sari nagusia aurreko zapatuan. «Aurrerantzean ere film laburren ra- llyetan euskarazko lanak egiten jarraituko dugu».
2 minutu eta 55 segundo irauten du mutrikuarren eta ondarrutarraren film laburrak. Rivera lanaren zuzendaria da, eta Basurko eta Lejardi, berriz, aktoreak. Getxoexpress 2018 lehiaketan ere sari nagusia eskuratu zuten, euskarazko film laburrik onenaren kategorian.
DemaSA lehiaketa estreinako egin da aurten Durangoko Azokaren baitan, eta lehiaketak Euskal Herriko film laburren rallyetan parte hartu duten lanak batu ditu. «Aurtengoa ondo joan dela ikusita, datozen urteetan ere lehiaketa egitea da asmoa», azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek. Lehiaketak beste lehiaketetan saritutako lanak biltzen dituenez, onenen arteko final bat bezala dela esan dute.
Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra izan zen DemaSA lehiaketaren sari banaketa ekitaldiaren aurkezlea.