Elikagaien bankuetarako egindako
Gabonetako bilketa bereziak pozik laga ditu Lea-Artibai eta Mutrikuko boluntarioak. Elkarte ezberdinen bitartez egin dute beharrizan gehien daukatenentzako bilketa berezia eta balorazio positiboa egin dute guztiek.
Boluntarioak elikagai bankuan. Argazkia: Gipuzkoako Elikagaien Bankua
Markina-Xemeinen Caritas elkartearen eskutik egin da bilketa. Aurtengoa bilketa berezia egin duten lehen aldia izan da eta emaitzagaz oso pozik daudela aitortu dute. “Espero genuena baino gehiago jaso dugu bai zuzenean emandako elikagaien bitartez eta baita bonuen bidez ere”.
3.190 kilo batu dituzte janaritan eta 1.905 euro bonoen bidez. “Horrelako erantzunak hurrengoan ere jarraitzeko gogoa ematen du, herritarren babesa ikusten delako”. Elkartasuna badagoela azpimarratu dute eta horren adibide gisa ordu puntetan jendearengana ezin helduta ibili direla gaineratu dute.
26 boluntario aritu dira lanean Markina-Xemeingo supermerkatuan, horietako asko gazteak: “gazteak eduki ditugu laguntzen eta horrek asko poztu gaitu. Esperientzia ona dela uste dugu eurentzat ere eta guztiz eskertuta gaude”.
Lekeition herriko hiru dendatan batu dituzte elikagaiak eta pozik geratu dira hiru bilketek emandako emaitzekin, esan du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak. Kiloetan zenbat izan den zehatz ez badakite ere,
20 kaxa handi denda txikietan eta 115 kaxa denda handian batu dituztela esan du.
13 herritar ibili dira boluntario lanetan eta guztiak lekeitiarrak izateak eragina izan duela uste dute: “herritarrak izatearen gertutasun hori dela eta batu dugu gehiago, beharbada”. Bonuak ere oso ondo joan direla esan du.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuko biltegia. Argazkia: Gipuzkoako Elikagaien Bankua
Mutrikun 1.133 kilo batu zituzten herriguneko dendetan. Dia supermerkatuan batutako kopurua zuzenean Bergarako biltegira eraman dute beraz ez daukate Mutrikun batutakoaren datu zehatzik. Hala eta guztiz ere balorazio positiboa egin dute eta gaineratu dute herriko dendetan jarritako itsulapikoetan beste
978 euro batu dituztela Gabonetako egunak iristen joan ahala elikagai freskoak erosi ahal izateko. Ondarroan Danonartin elkarteak kudeatu du bilketa eta 3.200 kilo batu dituzte.
Bizkaian, esaterako, 1.005.000 kilo batu dituzte guztira eta Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidente Miguel Angel Fernandinoren esanetan “batutako elikagai kopuruak are gehiago sendotzen du bilketa bereziaren inguruan egindako esfortzua eta herritarrek daukaten elkartasuna erakusten du”.
Elikagaiak batu ostean lurralde bakoitzeko
kudeaketa zentrora bidali zituzten eta bertan guztia batu ondoren herri bakoitzari dagokion kopurua jasotzen hasiak daude dagoeneko. Elikagaien bankuetatik eta herrietan boluntariotzan aritu direnek
eskerrak eman nahi izan dizkiete kanpainan parte hartu duten guztiei.