Elkarteak hitzaldia eskainiko du eguenean [abenduak 13], 19:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Aurreratu dutenez, azken bi urteetan Armintxeko karstean jasotako datu hidrografikoak aurkeztuko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zuzendaritzak azaroan aurkeztu zuen Armintxeko uren funtzionamenduari buruzko informazioa. “ADESekook kezka handiz ikusi genuen agerraldi horretan aldundikoek Arminxeko kobari buruz ez zutela behar besteko ezagutza. Funtzionamendu hidrologikoaren inguruko ezagutza eza atzeman genuen”. Kobak daukan uraren arazoa konpontzeko, aldundikoek obra bat egitea aurreikusi dute, eta horren berri ere azaroko agerraldian eman zuten. “Obra horrek, baina, ez du ezertarako balioko”, esan dute ADESekoek.
Horren aurrean, elkarteak duen informazioa publiko egitea erabaki du. “Agerraldian daukagun informazio guztia emango dugu. Eta hara joan nahi duten teknikari, herritar zein kazetari guztiek ikusi, entzun eta galdetzeko aukera edukiko dute”.
Azaroko agerraldia. Azaroaren 22ko Bizkaiko Batzar Orokorren kontrol saioan, Arturo Aldekoa talde mistoko batzarkideak Armintxe koban uragaz, zabor pilaketagaz eta ezagutzen ez diren grabatuei buruz galde egin zuen. Lorea Bilbaok “dena kontrolpean” dutela esan eta ordura arteko agerraldietan esandako datuak errepikatu zituen.
Aldekoak, baina, Bilbaok mahai gainean jarritako datuak kolokan jarri zituen; ikerketa espeleologikoa ez dela amaitu, koba urez estaltzearen arazoa uste baino larriagoa dela eta zaborra ez dela sarrera parean pilatzen esan zuen.
Jesus Isasi (PP),
Marimar Rodriguez (PSOE) eta
Idoia Inoriza (Eusko Abertzaleak) batzarkideek Bilbaoren alde egin zuten. Informazio horren guztiaren aurrean, Jose Angel Elgezabal (Podemos) batzarkideak proiektuan esku hartu dutenei buruz galde egin zuen; kultura alorrean ez sartzeko, alor hidrologikoaren gaineko iritzirik ez zuela emango esan zuen.
Meritxell Elgezabalek (EH Bildu) Aldekoaren salaketa babestu zuen, eta ADES espeleologia elkarteak egindako txostena mahaiaratu zuen. Txosten horrek dio koban zer nolako arazoak dauden uragaz, zaborra ez dela sarreran pilatzen eta beste hainbat kontu. Horren aurrean, Bilbaok Armintxeko ikerketan aritu den lantaldearen profesionaltasuna aipatu zuen, eta ADESekoek lantalde horren parte izateari idatziz uko egin ziotela esan zuen. “Lantaldean kobaren ikerketa espeleologikoa egiten ari diren espeleologoak daude”.
ADESekoek diote Bilbao kontraesanean erori zela. “Esan zuen ikerketa espeleologikoa egiten ari direla. Baina horren aurreko agerraldian, kobako ikerketa hidrogeologikoa eginda zegoela esan zuen. Oraindik ikertzen ari badira, ezin duten ikerketa hidrogeologikoa eginda eduki”.
Azaroaren 22ko kontrol saioa eta gero, ADESekoek argi daukate: “Ez dute koba eta hango sistema karstikoa ezagutzen, eta grabatuak hondatzeko arriskua gutxiesten ari dira”.
HONEKIN LOTUTA: ADESek egiten duen irakurketa