Basurdeek lehen itzuliko azken neurketa galdu dute Urbietan
Heineken ligako lehen itzuliko azken neurketa bi punturengatik galdu du Gernika RTk sailkapeneko hirugarrena den Alcobendasen aurka.Domekako partidua azken hatseraino ez zen erabaki madrildarren mesedetan. Neurketa hasieran gernikarrak nagusi izan zire...
Domekako partidua azken hatseraino ez zen erabaki madrildarren mesedetan. Neurketa hasieran gernikarrak nagusi izan ziren Urbietan, eta Joaquin Palisak egindako entsegu batek eta Iker Olaetaren zutoinetarako jaurtiketa batek 7-0ekoa jarri zuten markagailuan.
Jokaldi luze baten ostean, madrildarrek entsegua egitea lortu zuten, eta 10. minutuan, 7-7 jarri zuten markagailua. Minutu gutxira, Olaetak berriz ere aurretik jarri zituen basurdeak. Baina partidua joan-etorrikoa bihurtzen ari zen, eta halako jokaldi bat baliatu zuten kanpokoek Brad Linklater buru zela baloia ezkerraldera eraman eta trantsizio azkar baten bitartez beste marka bat egiteko (10-12).
Basurdeek ez zuten amore eman, eta Mauricio LondoƱoren kanporatzea baliatu zuten neurketaren kontrola berriz ere hartu eta entsegua egiteko (15-12).
Alcobendasek nagusitasuna erakutsi zuen. Gernikarrek atzeko lerroan lan ona egin arren, mele bategaz entsegu marra igarotzea lortu zuen talde madrildarrak eta markagailua 15-19 iraultzea.
Bigarren zatiaren hasieran, zigor kolpe bat gauzatu zuten bisitariek, baina basurdeek ez zioten partidari aurpegia galdu. Reedyk entsegua egin zuen, baina Olaetaren jaurtiketak zutoinean jo eta ez zuen punturik batu.
Bukaera berdindua
Gernika geroz eta gehiago zen Urbietan, eta Facundo Epinalen entseguak eta osteko jaurtiketak bost puntu goitik jarri zuten etxeko taldea, 27-22. Bazekiten puntuak lortzea zein garrantzitsua zen, eta defentsa lanean sakondu zuten. Kanpokoek, baina, zigor entsegu bat gauzatu zuten 71. minutuan, eta 27-29koa jarri zuten markagailuan.
Gernikarrak partidua iraultzen saiatu arren, ez zuten lortu, baina bi bonus lortu zituzten, erasokoa eta defentsakoa. Hala, hamargarrena den Hernanirengandik eta hamaikagarrena den Complutense Cisnerosengandik hiru puntura daude.