Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak
frankismo garaiko gertaera larri bi mahai gaineratuko ditu
barikuan [abenduak 14]
19:00etan Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko lehen solairuko erakusketa gelan eskainiko duen hitzaldian. Indar polizialen urte haietako izaera eta jarduteko modua islatu nahi dituzte
Frankismoaren atzaparkadak Markina-Xemeinen izenburupean prestatu duten ekitaldian. “Memoria historikoak bere baitan hartzen dituen frankismo garaiko gertaeretan sakondu, eta erregimenaren atzaparkadek utzitako biktima batzuk aurkeztu nahi ditugu”, azaldu dute.
Bi gertaerak argitzeko, dokumentazio lanagaz gain, testigantzak ere jaso ditu elkarteak. “Testigantzek osatzen lagundu eta osatu dituzten gertaera haien nondik norakoak ezagutu ahalko dira, eta artxibo eta epaiketa militarrek sumario zein agiriek borobilduko dute urte haietan jaso zena”.
Argazkia: Ahaztuen Oroimena Elkartea
Tiroketak. Alde batetik, 1952ko irailaren 7an, Guardia Zibilak gizon bat tiroz hil zuen
Xemeingo zubian atxilotze saiakera batetik ihes egin ondoren. Pertsona horren bizitzaren ibilbidea eta heriotzaren testuingurua aurkeztuko dituzte agerraldian.
Bestalde, 1967ko abenduaren 19ko iluntzean guardia zibilak auto bat tirokatu zuen Markina-Xemeingo
Zelaian. “Lau gazte ziren Seat 600 batean zihoazenak, eta autoak 60 bala-zulo izan bazituen ere, aurrera jarraitzea lortu zuten. Geroago horietako hiru Aulestin atxilotu zituzten guardia zibilek”. Gertaera hura lehen pertsonan bizi izan zuten bi gaztek emandako testigantzak ikusi eta entzun ahalko direla aurreratu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Bi gertaera horiek urte haietan utzitako
oihartzuna uste baino zabalagoa izan dela nabarmendu dute. Horregatik, jaso ahal izan dituzten zehaztasunak guztiak zabaldu nahi dituzte jendartera. “Bi gertaera hauek argitzen saiatu gara eta baliteke beste batzuk ere argitze bidean jartzea. Horregatik, bertaratzeko asmoa duten herritarrak entzule soil izatetik parte hartze aktiboa erakutsi eta ekarpenak, galderak edo beraien oroimenean gordetakoa zein edozein hausnarketa azaleratu eta partekatzera gonbidatu nahi ditugu”.
Hitzaldi hau ere, Ahaztuen Oroimena elkarteak Markina-Xemeingo Udalagaz eta Eukal Memoria fundazioagaz batera osatu duten
Gogoan hartzeko izenak erakusketarekin uztartu dute, “erregimenak zapaldutako pertsonen izenak jaso eta ahanzturatik atera asmoz”.
HONEKIN LOTUTA: Gogoan hartzeko izenak erakusketa