ADESek Armintxeri buruz dituen datuak emango ditu gaur, Lekeition
Espeleologia taldekoek datu hidrologikoak aurkeztuko dituzte, 19:00etan, Azkue aretoan. Diotenez, aldundiak koban egin nahi duen obrak ez du ia ezertarako baliokoLea-Artibai eta Busturialdeko ADES espeleologia taldeak Lekeitioko Armintxe kobari buruzko...
Espeleologia taldekoek datu hidrologikoak aurkeztuko dituzte, 19:00etan, Azkue aretoan. Diotenez, aldundiak koban egin nahi duen obrak ez du ia ezertarako balioko
Lea-Artibai eta Busturialdeko ADES espeleologia taldeak Lekeitioko Armintxe kobari buruzko hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Aurreratu dutenez, elkarteko kideek azken bi urteetan Armintxeko karstean jasotako datu hidrografikoak publiko egingo dituzte.Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zuzendaritzak azaroan aurkeztu zuen Armintxeko uren funtzionamenduari buruzko informazioa. «ADES taldeko kideok harriduraz jaso genituen datu hidrologiko horiek. Izan ere, emandako datuek agerian uzten dute Armintxeko uren funtzionamenduari dagokionez aldundiaren lantaldeak azken bi urteetan ez duela ezer aurreratu». Kobak daukan uraren arazoa konpontzeko, aldundikoek obra bat egitea aurreikusi dute, eta horren berri ere azaroko agerraldian eman zuten. «Obra hori egiten badute ere, ez du ia ezertarako balioko», aurreratu dute.
Horren aurrean, elkarteak dituen datuak publiko egitea erabaki du. «Agerraldian daukagun informazio guztia emango du- gu. Eta hara joan nahi duten guztiek entzun eta galdetzeko aukera edukiko dute».
Gaia, Batzar Nagusietan
Azaroaren 22ko Bizkaiko Batzar Orokorren kontrol saioan, Arturo Aldekoa talde mistoko batzarkideak Armintxe koban uragaz eta zabor pilaketagaz dagoen arazoaz eta ezagutzen ez diren grabatuei buruz galdegin zuen. Lorea Bilbao diputatuak «dena kontrolpean» dutela esan eta ordura arteko agerraldietan esandako datuak errepikatu zituen.
Aldekoak, baina, Bilbaok mahai gainean jarritako datuak kolokan jarri zituen; ikerketa espeleologikoa ez dela amaitu, koba urez estaltzearen arazoa uste baino larriagoa dela eta zaborra ez dela sarrera parean pilatzen esan zuen.
Jesus Isasi (PP), Marimar Rodriguez (PSOE) eta Idoia Inoriza (Eusko Abertzaleak) batzarkideek Bilbaoren alde egin zuten. Informazio horren guztiaren aurrean, Jose Angel Elgezabal (Ahal Dugu-Podemos) batzarkideak proiektuan esku hartu dutenei buruz galdetu zuen; kultura alorrean ez sartzeko, alor hidrologikoari buruzko iritzirik ez zuela emango esan zuen.
Meritxell Elgezabalek (EH Bildu) Aldekoaren salaketa babestu zuen, eta ADES espeleologia elkarteak egindako txostena mahairatu zuen. Besteak beste, txosten horrek koban uragaz dauden arazoak eta zaborra ez dela sarreran pilatzen jasotzen du. Horren aurrean, Bilbaok Armintxeko ikerketan aritu den lantaldearen profesionaltasuna aipatu zuen, eta ADESekoek lantalde horren parte izateari idatziz uko egin ziotela esan zuen. «Lantaldean kobaren ikerketa espeleologikoa egiten ari diren espeleologoak daude».
«Kontraesanak»
ADESekoek diote kontrol saio horretan Bilbao kontraesanean erori zela. «Esan zuen ikerketa espeleologikoa egiten ari direla. Baina horren aurreko agerraldian, kobako ikerketa hidrogeologikoa eginda zegoela esan zuen. Oraindik ikertzen ari badira, ezin duten ikerketa hidrogeologikoa eginda eduki».
Azaroaren 22ko kontrol saioan gertatutakoa ikusita, eskualdeko espeleologia taldekoek hurrengoa adierazi dute: «Aldundikoek ez dute koba eta hango sistema karstikoa ezagutzen, eta grabatuak hondatzeko arriskua gutxiesten ari dira».