Antimilitarismoa eta memoria historikoa landuko dituzte Astran
Nazio Batuen Batzar Nagusiek 1948ko abenduaren 10ean onartu zuten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Hala, astelehenean izan zen 70. urteurrena aitzakia hartuta, antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Astra...
Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Ideasur, Astra eta Gernika-Lumoko Udalak bultzatu dituzte jardunaldiak, eta lau hitzaldi antolatu dituzte. Denek ala denek, Giza garapen gehiago eta arma gutxiago leloagaz bat egingo dute.
Gernika Gogoratuz elkarteko kideek esan dutenez, industria militarrak gerran daukan eragina eta inplikazio maila zein den aztertzeagaz batera, nazioarteko erakundeek gai horri buruz zer egin beharko luketen ikusiko dute. «Gizateriaren krisi handiena den honetan erakundeek agertu beharreko inplikazio maila eta egin beharko lituzketen salaketa kanpainak aztertuko ditugu», jakitera eman dute antolatzaileek.
Gainera, gerren aurrean herritarrek dituzten aukerak landuko dituzte; hau da, erresistentzia egoera desberdinen eta beldur politiken aurrean hartu daitezkeen aukera desberdinak aztertuko dituzte hitzaldietan. Horrez gain, mugen segurtasun maila handitzeak eta segurtasun arloan kategoria berriak sortzeak zer erangingo lukeen ikusiko dutela aurreratu dute.
Bi saiotan banatuta
Bitan banatuko dute asteleheneko jardunaldia, modu horretan «eztabaidagaiak hobeto lantzeko eta solasaldi horizontala bideratzeko». Lehenengoa Jokin Alberdi Gernikatik Mundura elkarteko kideak zuzenduko du, eta bertan egongo dira Luis Arbide Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako kidea eta Mertxel Relaño Unicefeko zuzendaria Yemenen. Arabia Saudiko armen komertzioaz eta nazioarteko erakundeen zereginaz ariko dira, hurrenez hurren.
Bigarren saioa, berriz, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko kideak zuzenduko du. Bartzelonako Delas Bakearen Ikasketen Zentroko ikertzaile Nora Mirallesek parte hartuko du bertan, eta militarizazioaz ariko da. Madrilgo Fuhemeko arlo ekosozialeko ikertzaile Nuria del Viso ere egongo da Astrako bigarren saioan, eta lurren arteko mugez eta aldaketa klimatikoaz berba egingo du bertaratu- takoekin.
Jardunaldietara joan ahal izateko, beharrezkoa da parte hartzea baieztatzea. Horretarako, ondorengo helbide elektronikora idatzi beharko dute interesa daukatenek: info@gernikagogoratuz.org.