Gizaburuagako frontoia eraberritzeko lanen lehen fasea amaitu dute
Aldagelak eta palkoa eraitsi dituzte, frontoia lauzpabost metro luzatuz. Lanak bi edo hiru urtean amaitzeko asmoa agertu du udalak. Amorotora doan auzobidea konpontzen hasita daudeAzken asteotan Gizaburuagako frontoia handitzeko eta eraberritzeko hainb...
Aldagelak eta palkoa eraitsi dituzte, frontoia lauzpabost metro luzatuz. Lanak bi edo hiru urtean amaitzeko asmoa agertu du udalak. Amorotora doan auzobidea konpontzen hasita daude
Azken asteotan Gizaburuagako frontoia handitzeko eta eraberritzeko hainbat lan egin dituzte. Juan Migel Arostegi alkateak adierazi duenez, lanen lehenengo faseagaz amaitu dute. Hain zuzen ere, frontoiko aldagela eta ikusle palkoa eraitsi dituzte, frontoia luzatzeko. Aurreko astean amaitu zituzten lanak.Arostegik agertu duenez, frontoiak zituen aldagelak ez zeuden oso egoera onean. «Frontoia mendia jotzen dago, eta hezetasunak asko kaltetu zituen aldagelak. Hormako lauza asko erdi jausita zeuden. Ura berotzeko sistema ere oso zaharkituta zegoen. Gas butanozko galdera zegoen, eta behar zenean, ez zen erabilgarri egoten. Eta udaletxeko azpiko gimnasioan ere aldagelak baditugunez, behar izanez gero, hara bideratuko ditugu pilotariak».
Frontoiko kantxa nahikoa laburra iritzita, luzatzea erabaki dute, herritarren proposamenez. Aldagelen eraisketa lanei esker, lauzpabost metro irabazi ditu frontoiak.
Lehen faseko lanek 46.623,88 euroko aurrekontua eduki dute, eta hortik 22.820,68 euro aldundiak diruz lagunduko ditu, 6/2018 foru dekretu bidez.
Aurrera begira, berriz, beste hainbat hobekuntza egin nahi dituzte frontoian, eta horretarako, lanak lehiaketara aterako dituzte datorren urteko lehen hiruhilabetean. Frontoia berrizteko hainbat lan egin behar direla kontuan hartuta, eta udalak duen aurrekontua ere mugatua dela jakinda, lanak bi edo hiru urtean burututzeko asmoa agertu du udalak. «Horixe da gure plangintza. Lanak lehiaketara ateratzen ditugunean, hiru bat ekitalditan burutu ahal izatea eskatuko dugu».
Frontoiko horma oso kaltetuta dago hezetasun handiaren eraginez, eta arazo horri aurre egin nahi diote. Teilatua ere, berriztu eta luzatu egin nahi dute, aterpea espaloi hegaleraino luzatuta. «Teilatuak zulo bat edo beste dauka, kaskabar gogorrak eraginda. Euria eta haizea ari duenean, frontoira ura sartzen da, eta lurra bustita, pilotariek ezin dute ganoraz frontoian ibili».
Baimenen zain
Era berean, Akuiola baserrira eta Amorotora doan auzobidea ere konpontzeko lanak hasita daude, eta laster amaituko dituzte. «Urtarrilaren 11ko euriteak bidea nabarmen kaltetu zuen, eta konpondu eta egonkortu beharra egon da». Lanek 38.149,26 euroko aurrekontua dute, eta aldundiak 34.334,33 euroko diru laguntza emango du, 131/2017 foru dekretuaren bitartez.
Lariz auzoan dauden zaborren edukiontziak ere lekuz aldatzeko nahia azaldu du udalak. «Aldundiak eta URA agentziak baimena noiz emango zain gaude». 46.672,82 euroko aurrekontua daukate.
Nahitaez egin beharreko lana dela nabarmendu du alkateak. «Edukiontzientzat, egia esan, ez da leku egokia, eta ez dago behar besteko tokirik. Edukiontziak, gainera, errepide ondoko bidegurutze batean daude, eta ikusgaitasuna oztopatzen dute. Zaborra jasotzera datorren kamioa ere errepide erdian gelditu behar da, eta hori ere arriskutsua izan daiteke».
Arrazoi horiek guztiengatik, edukiontziak lekuz aldatuko dituzte; 25 bat metro haruntzago ipiniko dituzte, autobus geraleku alboan. «Kamioia errepidetik baztertu ahal izateko toki egokia egingo da, eta laster organikoa ere jasotzen hasiko garela kontuan hartuz gero, edukiontzi guztientzat ere nahikoa leku egongo da».