Mundakako eraikin nagusien berokuntza sistema berriztatu dute
Mundakako Udalak herriko eraikin nagusietako berokuntza sistema berriztatzeko lanak egin ditu. Zehazki, udaletxeko eta herriko eskoletako eraikinetan egin dituzte aipatutako lanak. Udal ordezkariek azaldu dutenez, 59.994 euroko inbertsioa egin dute lan...
Egindako lanekin, herritarren «erosotasuna eta segurtasuna» hobetu dituzte, eta aldi berean, «ingurumenarekiko erantzukizuna» kontuan hartu dutela adierazi dute. Era horretara, bero sorgailua aldatu, berogailuen galdara gela berriztatu eta gas naturala hartzeko instalazioa ezarri dute.
Orain arte eraikinean ur beroko berogailuak erabili izan dituzte, burdinurtuko erradiadoreekin eta txapazko panelekin. Gas naturaleko galdara berriek «eraginkortasun energetiko handia» lortzen dutela argitu du udalak, eta ez hori bakarrik; «erosotasun maila handia» ematen dutela gehitu du, galdaren kondentsazio teknologiari esker.
Eraginkortasuna
Funtzionamendua «guztiz eraginkorra» dela azaldu dute. Izan ere, konbustio errendimendua %99tik gorakoa da, eta NOx eta CO2ko emisio baxuak eragiten ditu.
Gainera, galdara berriak gas naturala modulu eran erretzeko diseinatuta daudela zehaztu dute, «18,2 eta 99 kw tartean, eskaeraren arabera». Neurri hori hartuta, «aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa» lortzen dela ziurtatu du udalak. Ahalik-eta funtzionaltasunik egokiena lortzeko, instalazio barnean bereiztutako hiru zirkuitu daudela nabarmendu dute, eraikin bakoitzeko bat: udaletxean, eskolan eta haurreskolan.
Aitor Egurrola Mundakako alkatearen berbetan, «udalaren lehentasuna herritarrei zerbitzu hobeak, eraginkorragoak eta seguruagoak eskaini eta ingurumenarekiko arduratsuak izatea da. Udalak argi dauka energetikoki eraginkorrak izan gura dugula, eta era honetako neurriekin lortuko dugu».