Zarragoitxin konponketak egiten hasi da Bermeoko Udala
Auzokideekin batzartu ondoren, «beharrizan batzuei erantzuna ematen» ari direla azaldu du Benito Ibarrolazak. Hainbat lan egin dituzte guneanBermeoko Zarragoitxi kaleko egoera hobetzeko asmoa dauka Bermeoko Udalak. Benito Ibarrolaza alkateordeak eta ...
Auzokideekin batzartu ondoren, «beharrizan batzuei erantzuna ematen» ari direla azaldu du Benito Ibarrolazak. Hainbat lan egin dituzte gunean
Bermeoko Zarragoitxi kaleko egoera hobetzeko asmoa dauka Bermeoko Udalak. Benito Ibarrolaza alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, auzokideekin batzartu ondoren, «beharrizan batzuei erantzuna ematen» ari dira.Modu horretara, kalearen egoera hobetzeko hainbat lan egin dituztela azaldu du alkateordeak. Esate baterako, margoketa lanak eta hidrogarbigailuagaz garbitasun bereziak egin dituzte eta igogailurako bideko zuhaitzak ebaki dituzte. Ibarrolazaren berbetan, egindako lanekin «bideak argitasuna eta segurtasuna irabazi ditu».
Igogailuan ere hobekuntzak egingo dituztela jakitera eman du: sabaia konpontzeko lanak egingo dituzte, igogailuaren egitura margotuko dute, eta argiteria hobetzeko lanak ere egingo dituzte. Gainera, egoera txarrean dauden txapak kendu eta material berriak erabilita konponketak egingo dituzte, modu horretara ekintza bandalikoak saihesteko. Azken horri lotuta, alkateordeak esan duenez, gune horretan segurtasuna hobetzeko helburuagaz, Udaltzaingoaren presentzia areagotu dute.
Emergentzia plana
Zarragoitxiko egoera hobetzeko lanekin batera, Herri Babeseko Jon Ojangurenek emergentzia plana landu duela nabarmendu dute. «Plan hori kontuan hartuta, Zarragoitxirako eta ingururako udalean proiektu bat lantzen ari gara, gunearen egoera eta iriste erraztasuna hobetzeko», azaldu du Irune Ormaetxea Urigintza zinegotziak.
Apirilean Zarragoitxi eta herriko beste gune batzuen azterlan soziourbanistikoa egingo zutela iragarri zuten. Horretarako, auzokideen artean 620 inkesta banatu zituzten, eta emaitzak abenduan jasoko dituzte.
Ormaetxeak azpimarratu du udala Zarragoitxiko auzokideekin «elkarlanean» ariko dela, «kalea hobetzen jarraitzeko helburuagaz».