«Diskriminazioa bikoitza izan zen emakumeen kasuan»
Poliomielitisa jasandakoen eta haien amen bizipenak gaitzat hartuta egin du gradu amaierako lana Ihintza Lapazaranek, polio elkartearen gonbidapenari erantzunez.Zelan piztu zitzaizun ikerketa egiteko interesa?Psikologiako gradu amaierako lana prestatu ...
Poliomielitisa jasandakoen eta haien amen bizipenak gaitzat hartuta egin du gradu amaierako lana Ihintza Lapazaranek, polio elkartearen gonbidapenari erantzunez.
Zelan piztu zitzaizun ikerketa egiteko interesa?Psikologiako gradu amaierako lana prestatu behar nuela jakinik, Euskadiko Polio Elkarteko (EPE) kide batek gaixotasuna alderdi psikologikotik lantzea proposatu zidan. Ordura arte, ez neukan gaixotasunaren inguruko informazio handirik, eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Zer da poliomielitisa?
Poliomielitisa edo polio gaixotasuna haur paralisi modura ere ikusia da, gehienbat haurrei eragin zien eta. Oso gaixotasun infekziosoa da. Nerbio-sistema zentrala kaltetu ohi du, eta neurona motorrak suntsitu. Nahiz eta garai batean gizakien gaixotasun infekzioso nagusietako bat izan, gaur egun, txerto bati esker, kontrolaturik dago mundu guztian.
Zer lortu nahi izan du polio elkarteak ikerketaren bidez?
Frankismoan, polioaren epidemia egon zen, eta horren berri izanda, eta aurre egiteko txertoak bazeudela jakin arren, erregimen frankistak ez zuen epidemia zegoela onartu. 1959a izan zen epidemia latzena: 2.130 kasu agertu ziren. Gaixotasunari aurre egiteko neurriak oso berandu hartu zituen, eta horrek arazo latzak eragin zituen.
Prentsaren irakurketa eginaz gizarteak gaixotasunaren inguruan eduki duen pertzepzioaz jabetu zara….
Lehenengo urteetan, ezikusiarena egin zen gaixotasunaren aurrean. Baina gaixotasuna ikusarazi zenean, sentimendu eskasa zegoen gaixoa eduki zutenekiko; arbuioa. Txarto ikusita zeuden.
Poliomielitisa jasan zutenak zelan sentitzen ziren?
Presiopean. Ahalegin berezia egin behar izaten zuten, desberdin ez sentitzeko; besteen beste zirela erakusteko. Gizarteak presionatu egiten zituen. Emakumeen kasuan, emakume borrokalariak eta ausartak izatea exijitzen zitzaien, maskulinitateari egozten zaizkion ezaugarriak, bestalde.
Lana generoaren ikuspegitik landu duzu…
Gizartearen antolaketa dela eta, poliomielitisa jasandako emakumeek gizonek baino ondorio larriagoak eduki zituzten.
Ze eratako ondorioak?
Gizarteak bigarren mailako papera eman izan die emakumeei; eta diskriminazio horregaz nahikoa ez eta poliomielitisa gehituz gero, diskriminazioa bikoitza jasan zuten. Beraz, estereotipo sozialak direla eta, gizarteak emakume haiek asexual, ez erakargarri, ama izateko gaitasunik gabekoak eta ezkongabe bezala irudikatzen zituen.
Zelan bizi izan zuten gaixotasuna poliomielitisa jasan zuten emakumeek?
Emakumeek batez ere nerabezaroan sufritu zuten. Oso gaitza egin zitzaien; gogorra. Presioaren eraginez, euren burua arbuiatzera heltzen ziren. Errudun sentitzen ziren; arraro. Eta ama izateko ere beldurrez. Hori bai: elkarrizketatu ditudan emakumeek ez dute amorrurik erakutsi. Gizonezkoak baino gutxiago kexatzen dira.
Emakumeek, gizarte mailan ezeze, etxean ere sentitzen zuten presioa, ezta?
Familiak ere presionatzen zituen. Garai hartan, emakumeak ezkondu eta familia edukitzea zen normalena. Eta familiak ikusten zuen alaba ezkondu barik geratuko zela eta ez zuela familiarik edukiko. Arrazoi horregatik, ikasketak egitera bideratzen zituzten.
Gaixotasunak emakumeengan eduki duen eragina aztertzean, amak kontuan hartu nahi izan dituzu. Zer dela eta?
Familian, amak izaten ziren umearen ardura hartzen zutenak. Han zeuden ebakuntzetan; han zeuden eguneroko zainketan. Ama batzuek lana utzi behar izan zuten egoera horri erantzuteko, baina, era berean, zama ekonomikoa euren gain hartuta.
Zelakoa izan da ama haien erreakzioa elkarrizketetan?
Denak negarrez hasten dira. Azken batean, bizitza guztian euren gain hartu duten ardura bati buruz ari gara.
Zenbat lagun elkarrizketatu dituzu?
Bost ama, eta polioaz kaltetutako zortzi emakume eta lau gizon. Baina elkarrizketa asko gelditzen zaizkit egiteko.
Aurreikusten ez zenuen ondoriorik atera duzu?
Elkarrizketatuek gaur egun agintean daudenei ere leporatzen diete ardura, ez dutelako onartu nahi estatuak daukan ardura. Polioagaz gertatu modura, polioaren osteko sindromea ere zerbait ezezagun eta arrotz bezala hartzen du gizarteak. Engainatuta sentitzen dira.
Zer da gaur egun polioak kaltetutakoek bilatzen dutena?
Bizitza guztia gaixotasunagaz bizi izan ondoren, ez daukate lehengoagaz kexatzeko horrenbesteko gogorik. Polioak kaltetutako askok polioa eta polioaren ondorengo sindromea aintzat hartzea eskatzen dute, funtzionalitatearen eta autonomiaren galera eragiten duen sindromea. Bereziki, gaur egungoa nahi dute aldarrikatu, orain Polioaren Osteko Sindromea sufritzen ari dira eta.
Ze eratako neurriak hartzea eskatzen dute?
Bizi kalitate hobea aldarrikatzen dute, laguntza sanitario eta psikologikoen, sozio-ekonomikoen eta teknikoen bitartez endekatze prozesua mantsotzeko.
Elkarteari laguntzeko prest jarraitzen duzu?
Gradu amaierako lana egiteko denbora mugatua daukazu. Eta jende gehiago dagoenez prest, elkarrizketekin jarraituko dut. Ez ditut bakarrik poliomelitisa eduki dutenak elkarrizketatuko, ez bada ze, baita haien amak ere, lanean egin dudan modura.
Zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzera?
Gertatzen zaiena bidegabea dela ikusten dudanez, Euskadiko Polio Elkarteagaz lanean jarraitzeko gogoz nago. Elkartearen aldarrikapenekin bat egiten dut. Interes faltagatik bere garaian txertoa emateko gai ez izateagatik gaur egun ondorioak pairatzen egotea ez da bidezkoa.