Zortzi emakumek parte hartu dute lehenengo EMEekin programan
Programaren balorazio positiboa egin du Azaro Fundazioak. Parte hartzaileetako lau lanean daude. Lehenengoaren arrakasta ikusita, bigarren programa bat prestatu dute 2019rakoEskualdeko emakumeei laneratzea erraztea helburu duen EMEekin programaren balo...
Programaren balorazio positiboa egin du Azaro Fundazioak. Parte hartzaileetako lau lanean daude. Lehenengoaren arrakasta ikusita, bigarren programa bat prestatu dute 2019rako
Eskualdeko emakumeei laneratzea erraztea helburu duen EMEekin programaren balorazio positiboa egin du Azaro Fundazioak. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz eta Leartibai Garapen Agentzia eta Lea Artibai Ikastetxeagaz elkarlanean Azaro Fundazioak martxan jarritako programa da EMEekin. Zortzi emakumek parte hartu dute lehen programan, horietatik lau lanean daude eta besteak ezagutzak hobetzen edota proiektu propioak garatzeko asmotan daudela jakitera eman dute.2018ko martxoaren 8an eman zioten hasiera EMEekin programari, eta antolatzaileek zein parte hartu duten emakumeek bat egiten dute programari balorazioa oso positiboa ematerakoan: «Programa oso aberasgarria izan da, eta negozio ereduetan ezagutzen ez nituen errealitate asko erakutsi dizkit. Gai asko jorratu ditugu, eta gaur egunean lan merkatuan zer eskaini eta eskaintzen den erakutsi dit», esan du parte hartzaileetako batek. Programak bakoitzaren bizitza pertsonala eta profesionala hobetzeko beharrezko baliabideak eman dizkietela ere gaineratu dute, «egungo gaiak jorratuz eta etorkizuneko errealitaterako prestatuz».
Urtarriletik aurrera
Lehenengoaren arrakasta ikusita, antolatzaileek bigarrena jarriko dute martxan 2019an. «Otsailean hasi eta uztailera arte iraungo duen programa honetan sare bidezko eskolak eta aurrez aurrekoak uztartuko dira, IKT tresnen erabilera sustatu eta familia bizitzagaz bateragarritasuna errazteko asmoz».
Jakitera eman dutenez, hainbat modulu landuko dituzte parte hartzaileek: komunikazio gaitasunak, sormena, emozioen kudeaketa, lidergotza… Eta coaching eta mindfulness tekniken bitartez bestelako gaitasunak garatzeko aukera ere edukko dute. «Horrez gain, negozio ereduei eta berrikuntzari buruzko formazioa ere eskainiko zaie, enpresa munduagaz harremana berreskuratu eta egun baloratzen diren konpetentziak ezagutzeko».
Urtarrilean zabalduko dute EMEekinen bigarren programan parte hartzeko aukera.