Herriko ume guztiekin pentsatuta, aldaketak egingo dituzte Ondarroako Errege kabalgatan
Txomin Agirre Ikastolak urtero antolatzen duen Erregeen kabalgatak aldaketak edukiko ditu aurten. Alde batetik, urteak atzera egin modura, aurtengo Gabonetan Errege Magoak Txomin Agirre Ikastolatik aterako dira urtarrilaren 5ean, 18:00etan. “Erregeak kamioi baten gainean joango dira, eta herritarrok kalejiran joango gara, haien atzetik”. Kabalgata herriko frontoian amaituko da, orain arte ez modura.
“Erregeen kabalgata herriko ume guztiei begira egiten den ekintza da, eta ondorioz, ume guztiek eduki behar dute kabalgatagaz gozatzeko aukera”, azaldu dute antolatzaileek. Aldaketak, oro har, herrian dibertsitate funtzional, fisiko eta sentsoriala duten umeak daudela kontuan hartuta egin dituzte. “Azken urteetan Latxanbre enparantzan amaitzen zen kabalgata, eta Erregeak han egoten ziren. Baina hara joateko ere ume batzuek ezin dute Zubi Zaharra gurutzatu. Eta beste bide batetik heltzen badira ere, Erregeak taula gainean egoten ziren; umeak Erregeengana joan beharrean Erregea jaisten zen umearengana”. Horrek umeen arteko bereizketa egitea suposatzen zuela iritzita, aurten, leku irisgarriagoan amaitzea adostu dute. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, aurten, Erregeak ez dira altuera handiko agertoki batean jarriko. “Ume guztiak Erregeengana joateko, ia-ia behegainearen altueran egongo den oholtzatxo baten ipiniko dira Erregeak. Hala, ume guztiek arazo barik joan ahalko dute”.
Ikastolatik ateratzeari dagokionez, garai bateko ohitura berreskuratu nahi izan dute. “Urteak atzera Ikastolatik ateratzen ziren, eta aurten hori ere berreskuratu nahi izan dugu”.
Horretaz guztiaz gain, aurten Txomin Agirre Ikastolak 50 urte betetzen dituela eta, frontoian sorpresak ere egongo direla aurreratu dute. “Beraz, herritar guztiei kabalgatagaz gozatzeko, parte hartzeko eta frontoira hurreratzeko gonbitea egiten diegu”, esan dute antolatzaileek.