2018 Gabonetako harrijasotzaile txapelketa Kirolbet saria irabazi du Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak
90 jasoaldigaz (37+25+28), urrezko harrijasotzaile mailan. Haren atzetik sailkatu ziren Xabier Peñagarikano
Peña 87 jasoaldigaz (35+24+28) eta Imanol Albizu Goikoetxe 82 jasoaldigaz (34+21+27), hurrenez hurren.
Finala Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zen, abenduaren 31n. Hiru finalistak
antzeko mailan ailegatu ziren finalera, eta nahikoa final estua izan zen. Lanei dagokienez, finalistek hiru minutuko lanak egin behar izan zituzten 100 kiloko zilindro zaharragaz, 100 kiloko harri kubikoagaz eta 100 kiloko bolagaz. Urruzuno aurretik hasi zen, eta abantaila horri eutsi zion bukaera arte.
Inhar Urruzuno txapela soinean. Argazkia: Ibon Errazu
Txapelketari dagokionez, zozketa bidez
lanak bigarren egitea egokitu zitzaion Urruzunori; hain zuzen ere, Peña aurkari gogorrenaren atzetik. Horrek abantaila ere eman ziola dio. “Berak hasieratik tope jo zuen, eta nik bere marka askorik nekatu barik gainditu ahal nuela ikusita, indarrak azken harrirako laga nituen. Zilindroagaz bi jasoaldiko abantaila lortu nuen, eta kubikoagaz beste batekoa. Gauza arrarorik gerta ezean, txapela nirea izan zitekeela ikusi nuen bolagaz hasi orduko”.
Urtea amaitzeko
“sari ederra” izan dela aitortu du Urruzunok, eta agertu duenez, txapelketara oso ondo prestatuta joan zen. “Aste batzuk lehenago Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatu nuen, baina gaixorik joan nintzen, antibiotikoak hartzen. Erretiratzekotan ere egon nintzen, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Hirugarren amaitu nuen, eta Gabonetako txapelketa irabazita arantza hori kentzea lortu dut”.
Jende asko batu zen frontoian, eta hori ere eskertzekoa izan zela nabarmendu du Urruzunok. “Ikusgarria izan zen
zaleen erantzuna, eta horrek sekulako poza ematen du. Badirudi herri kirolek zaleak badituztela”.
Inhar Urruzuno txapelagaz. Argazkia: Ibon Errazu