Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak eta
Jonan Bilbao Omaetxebarria markina-xemeindarrak podiuma lortu dute Zornotzako 65. Nazioarteko Krosean. Atzo [urtarrilak 6] lehiatu zen Zornotzako kros ezaguna Jauregibarrian. Kadete mailan nagusitu zen Aranburu, gazte mailako (18 urtez azpikoa) hirugarren postua eskuratu zuen berriz, Bilbaok.
Izaro Aranburu Rementeria Zornotzako podiumean. Argazkia: Juan Ignacio Sanpedro/ Durango Kirol Taldea
Goizeko 09:40etan hasita, maila desberdinetako korrikalariak aritu ziren lokatz artean lasterka. Txikiak, kadeteak, alebinak eta gazteak ekingo zioten lasterketari lehendabizi eta lasterketa paralinpikoa eta herri lasterketa eta absolutu mailakoa egon ziren ostean.
Lasterketa bikainak egin zituzten Izaro Aranburuk (Durango Kirol Taldea) eta Jonan Bilbaok (Durangaldea Running). 05:44 denbora eginez,
kadete mailako garaipena eskuratu zuen Aranburuk. Infantil eta kadete mailetako (15-16 urtez azpikoa) 1.550 metroko lasterketan bigarren helmugaratzea lortu zuen aulestiarrak irabazlearengandik bost segundotara geratuz.
Jonan Bilbao Omaetxebarria (eskuinean) Zornotzako podiumean.
Bigarrenarengandik
segundo bakar bateko aldeagaz sartu zen Zornotzako helmugan Jonan Bilbao 4.700 metroko lasterketa 16:22 denboran osatuz. “Pozik” dago kirolaria. Izan ere, Gabon garaian hiru lasterketetan parte hartu du eta hiruretan oso ondo joan zaio. Urtarrilaren 4an Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen, 3.000 metroko proban eta bigarren postua eskuratu zuen, eta Markina-Xemeingo San Silbestrean ere bigarren gelditu zen.