Isuntza eta Ondarroa Portugaleteko traineru jaitsieran egongo dira
Portugaleteko VII. Traineru Jaitsiera domeka eguerdian lehiatuko dute. Beteranoen lehiagaz hasiko da proba
Emakumezkoen eta gizonezkoen senior, gazte-mistoak eta beteranoak kategorietan lehiatuko dute Portugaleteko VII. Traineru Jaitsiera, domeka honetan (urtarrilak 20). 13:00etan hasiko da lehia, eta 33 traineruk parte hartuko dute.
Hogei taldek izena eman dute San Nikolas Arraun Taldeak antolatu duen proban, eta tartean daude Lekeitioko eta Ondarroako arraun elkarteak. 6.000 metroko arraun eremuan burutuko dute jaitsiera; Galindo errekako bokalean hasi, eta Portugaleteko Gran Hotel Puente Colgante hotelaren pareraino ariko dira bogan, eta Nautika Eskolaren parean izango dute ziaboga.
Ondarroako taldea emakumeen eta gizonezkoen seniorretan eta beteranoen lehian ariko da, eta Isuntzak bi traineru izango dituzte gizonezkoen seniorretan; Deustok, Arkotek eta CastreƱak bina traineru izango dituzte. Hain zuzen, kategoria horretan egongo da parte hartze handiena; hamazortzi traineru ariko dira lehian. Emakumezkoetan, ostera, sei talde hauek parte hartuko dute: Mundaka, Ondarroa, Deusto, Orio, Kaiku eta Hondarribia.
Beteranoetan, berriz, zortzi taldek egingo dute jaitsiera: Mundaka, Iberia, Sestao, Fortuna, Getxo, Pontejos eta Arkoteko bi. Hala, gazteetan Deustuk bakarrik izena eman duela jakitera eman dute.
Beteranoen lehiagaz hasiko da proba. 4.000 metroko jaitsiera burutuko dute, eta minutu bateko tarteagaz aterako dira taldeak. Sestaok emango dio hasiera.
Beteranoen atzetik, emakumezkoen taldeen txanda izango da (13:08), eta horiek ere 4.000 metroko jaitsiera egingo dute. Mundaka izango da lehenengoa, eta ondoren ondarrutarren txanda izango da.
Gazteetan 5.500 metroko proba egingo du Deustok, 13:15ean hasita. Gizonezko seniorren taldeak ere eremu berean ariko dira. Isuntza A izango da lehena (13:17), Ondarroa hirugarren eta Isuntza B hamargarren aterako da.