Alerta laranja aktibatu dute eguaztenerako
Euskalmeten arabera, egunotan eguraldia erabat negukoa izango da. Denboralea gogorra izan daiteke, izan ere, hainbat aldagaiek (elurra, prezipitazioa, haizea, itsasoko egoera) eragindako egoerak muturrekoak izan daitezke.
Segurtasun Sailak prezipitazio iraunkorragatik kantauri isurialdean, elurragatik 800 metrotik gora eta nabigaziorako arriskuagatik aktibatu du alerta laranja eguazteneko [urtarrilak 23] 00:00etatik 24:00era. Kostaldeko kalteengatik, berriz, 04:00etatik 07:00etara ezarri dute alerta laranja.
Euskalmeten arabera, egunotan eguraldia erabat negukoa izango da. Denboralea gogorra izan daiteke, izan ere, hainbat aldagaiek (elurra, prezipitazioa, haizea, itsasoko egoera) eragindako egoerak muturrekoak izan daitezke.
Eguaztenean prezipitazioa ugaria izatea espero da; etengabe egun osoan. Kantauri isurialdean 60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 ordutan eta ez da baztertzen 80 l/m² baino gehiago ere izatea. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, bereziki egunaren lehenengo partean; haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeak eta gainontzeko tokietan, 80 km/h-koa.
Martitzenetik aurrera, itsasoaren egoera nabarmen zakartuko da. Ipar-mendebaldeko haizea gogor ibiliko da eta olatuek 5 metroko altuera gaindi dezakete. Gainera, marea biziak direla eta, kostaldeko kalteak ere nabarmenak izan daitezke eguazteneko itsasgoretan, bereziki goizaldekoan.
Kalteak saihesteko, honako neurriak hartzea gomendatu dute:
- Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
- Kendu ibilgailuak ur putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
- Ahal baduzu, ez hartu autoa leku garaietara joateko.
- Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
- Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
- Ez bainatu hondartzetan.
- Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
- Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
- Edonola ere, jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.
- Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
- Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
- Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.