Hezkuntza 3.0, familiak makinak bailiran
Birus honen erruz bizitzen ari garen egoera nahikoa konplikatua ez balitz, hor gaude gu, irakasleok (ez guztiok) familia askoren antsietatea eta sufrimendua areagotzeko. Egun gutxi batzuk besterik ez dira pasatu gure hezkuntza sistema presentziala telematikoa bilakatu denetik eta jada guraso, irakasle eta ikasle asko itota daudela nabaritzen hasi gara.
Gure programa edonola aurrera eramateko beharra daukagula diote, burokratek horrela adierazi izan dutelako. Aldatu txipa eta lanera, konpondu zaitezte. Ordenagailurik ez baduzu ziurtatuko dugu bat, telelana baldin baduzu eta zure seme-alabek baita, lasai konponduko zara. Guraso batzuk hasiak dira goizeko bostetan konektatzen haien gailuak konpartitu ahal izateko seme-alabak esnatzean. Beste asko, Osakidetzako langileak esaterako etxera lur jota heldu eta seme-alaben lanak betetzera. Eta ez, ez dira ordubeteko lanak, ordu batzuk datorkizuz sorbalda gainera. Baliabide murritzeko ikasleak, maila sozio ekonomiko baxu batean bizi direnak, familia desegituratuak, monoparentalak… horiek pairatuko dute gehien bat egoera hau. Eskolak bere lau hormen barruan botere handia dauka berdintasunaren printzipioa sustatzeko, baina ez gaitezen engainatu, eskolatik at dauden momentuan desberdintasunak areagotu egingo dira. Beraz bai, zortea dutenek aurrera egingo dute, baina bidean hainbat geratuko dira eta beste askok oso txarto pasatuko dute.
Ez dut esaten kasu batzuetan funtzionatzen ez duenik, ahalegin eta esfortzu handiarekin fruituak lortzen hasi dira hainbat irakasle eta pozik daudela adierazi izan dute. Baina errealitatea tamalez ez da hori eta ikaslea zenbat eta gazteago izan are eta autonomia falta handiagoa izango du, dependentzia horrek familien zama handitzeko bakarrik balioko duelarik. Ez aipatzeetatik irakasle asko trantsizio honetarako prest ez daudela. Azterketa desberdinek adierazten dutenez irakasleen %40 teknologia berrietan daukan formakuntza eta maila urria da. Eta kasu askotan irakasle oso onak dira, baia beharrezko formakuntza hori gabe gaur egun galduta aurkitzen dira.
Hausnarketa sakonagoa behar du egoera honek. Zentzudunak izan beha gara, irakasle moduan gure enpatia erakutsi behar dugu eta inoiz baino gehiago hurbiltasuna adierazi. Administrazioak protokolo batzuk zehaztu beharko lituzke: gure hezkuntza komunitatearen mapa erreal bat irudikatuz azterketa baten ondorioz; kasu guztiak aztertu beharko lirateke, telefonoz deitu, haien egoera pertsonalagatik galdetu, baliabide eta tresnengatik galdetu eta honen funtsean erabakiak hartu.
Bitartean, irakasleon lana beste bat izan beharko litzaketela ulertzen dut: gurasoak ulertu, lasaitu, beharrezko baliabide eta tresnak eman, errutina bat finkatzen lagunduz, materiala eskainiz, malgutasunez jokatuz eta antsietatea murrizten lagunduz.