Ibon Iparragirre absolbitu egin dute, haren aurkako kasua artxibatu ostean
Iparragirre salatu zuen presoa epaiketara ez denez agertu, saioa bertan behera geratu da. Txagorritxun presoak jasotako arreta medikua ez dela «egokia» izan salatu dute senideekIbon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrari atzo goizean Bilbok...
Iparragirre salatu zuen presoa epaiketara ez denez agertu, saioa bertan behera geratu da. Txagorritxun presoak jasotako arreta medikua ez dela «egokia» izan salatu dute senideek
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrari atzo goizean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan egin behar zioten epaiketa bertan behera geratu zela adierazi dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. Iparragirre salatu zuen eta ukabilkada eman zion beste presoa ez zen aurkeztu epaitegira, eta hortaz, kasua artxibatzea erabaki zuen epaileak.Plataformako kideek jakitera eman dutenaren arabera, fiskalak ez du Iparragirreren aurkako beste kargurik aurkeztuko. «Abokatuak, fiskalak eta epaileak Ibonen aurkako kasua artxibatu eta Ibon absolbitzea adostu dute». Ordu beretsuan, Iparra Galdu Baik deituta epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean jende asko batu zen. 150 lagunek bat egin zuten mobilizazioekin.
Kasua argitzearen alde
Iparragirre absolbitu egin badute ere, preso ondarrutarraren ingurukoak ez dira konforme agertu. «Honen guztiaren inguruko balorazio onik ezin dugu egin. Ibonek ez zuen ezer egin, beraz, derrigorrez absolbitu beharra zuten. Epaiak ez gaitu kontsolatzen, ez da justiziarik egin eta».
Preso ondarrutarraren senideek nabarmendu dutenez gainera, «salaketa faltsu batean oinarrituta» eraman dute Iparragirreren aurkako kasua aurrera, eta zer gertatu zen argitzea besterik ez dute nahi. «Hau dena, Ibonek jaso zuen jipoiaren ondorioz dator, eta bera babestu beharrean, salaketa faltsu bat aurrera eraman ostean salatu zuten. Salaketa faltsu hori egiten zeinek lagundu zuen argitu nahi dugu. Era berean, Ibonek aurkeztutako salaketa zergaitik artxibatu zen argitu eta aztertu nahi genuke. Argi dago berak jaso zuela jipoia, baina horren inguruan ez da ezer egin».
Goizeko elkarretaratzearen ostean, Etxera-Gunea ireki zuten Bilboko Plaza Biribilean. Hain zuzen ere, Ion Kirru Iparragirre Ibonen anaiak ireki zuen barikura bitartean gaixorik dauden presoen etxeratzea aldarrikatuko duen gunea, bertan egingo diren elkarretaratzeen lehenengoagaz bat eginda. Bertan, besteak beste, anaiaren inguruko azken gertaeren berri eman zuen.
Jarraipen medikurik ez
Herenegun, gainera, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten Iparragirre. Bertan izan ziren lagunek eta senideek adierazitakoaren arabera, 35 minutu inguruko «ohiko kontsulta» bat izan zuen mediku bategaz, eta ospitalean egon zen tartean ez zioten inongo froga medikurik egin. «Gure ustez, itxurakeria hutsagatik eraman zuten atzo medikuarengana bisitan. Bere osasun egoera larria dela esanda ere, ez zuten ez ospitaleratu, ezta frogarik egin ere. Are gehiago, medikuak jarraipena egin behar dela esan bazuen ere, ez dute beste probarik egiteko agindurik eman».
Bere osasun egoera larria baldin bada ere, oraingoz Zaballako kartzelan preso jarraitzen du. Hala ere, erabakia noiz artekoa izango den ez dakite haren senideek. Euren iritziz, epaiketa bertan behera geratu denez, beste kartzela batera berriro lekuz aldatzen badute, «edozer gerta dakioken» beldur dira. «Aurreko astean Alcala Mecotik Zaballara lekuz aldatu zutenean, bidaia eta gero, zeharo jota geratu da. Lehen txarto bazegoen, orain bere egoera askosaz txarragoa da, eta egun gutxiren barruan beste bidaia bat egitera behartzen badute, txarrena gerta daitekeenaren beldur gara».