Herritar askok eskatu dute Ibon Iparragirreren etxeratzea
Lau egunetan 300 lagunetik gora izan dira gutunak sinatu dituzten herritarrak. Eskaerak egunero bidaltzeko asmoa agertu du Iparra Galdu Baik plataformakIbon Iparragirre preso politiko ondarrutarrak Madrilgo Alcala Meco espetxean bizi duen egoera salatz...
Lau egunetan 300 lagunetik gora izan dira gutunak sinatu dituzten herritarrak. Eskaerak egunero bidaltzeko asmoa agertu du Iparra Galdu Baik plataformak
Ibon Iparragirre preso politiko ondarrutarrak Madrilgo Alcala Meco espetxean bizi duen egoera salatzeko, gutun bidalketa masiboa hasi du Iparra Galdu Baik plataformak. Presoaren egoerak okerrera egiten duela ikusirik, haren askatasuna eskatzeko bidaliko dira gutunak.Hain zuzen ere, hiru pertsonari zuzenduta joango dira idatziak, eta, horrenbestez, bakoitzari zuzendutako gutun eredu bana argitaratu dute gazteleraz. Bata, Angel Yuste Castillejo Espetxeetako idazkari nagusiari, bestea, Jose Luis Castro Antonio Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epaile titularrari, eta hirugarrena, Jaime Alonso Ferreras Alcala Mecoko espetxe zuzendariari bidaliko zaizkio.
Kanpaina aurreko eguenean hasi zuten Ondarroako alde zaharrean, eta orduz geroztik, herritarren ekarpen asko batu dituztela azaldu dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. «300 lagun inguruk parte hartu dute ekimenean, eta 750 bat gutun jaso ditugu lau egunetan».
Ahalik eta ekarpen gehien
Plataformako kideek aurreratu dutenez, gainera, lehen gutunak bidaltzen hasita daude. «Lehen gutunak atzo bidali genituen. Gure asmoa, denak batera bidali ordez, egunero gutunak bidaltzen jarraitzea da. Horixe da gure erronka. Modu horretara, mezua helarazi nahi diegun pertsonek gure berri egunero izango dute, eta zer pentsa emango diegu. Gure laguna eta senidea ez dugula ahaztuta argi utzi nahi diegu hirurei hurrengo asteotan. Bien bitartean, gure eginbidean ez dugu etsiko».
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, ahalik eta ekarpen gehiena jasotzea da helburua, Iparragirreren etxeratzea «lehenbailehen» lortzeko.
Aurreko asteburuan egin modura, martxoaren 28ra arte astebururo gutunak sinatzeko mahaiak ipiniko dituzte alde zaharrean. Era berean, kanpaina eskualdeko eta inguruko herrietara zabaltzeko asmoa ere badaukate plataformako kideek.