Zesta-puntan Bizkaiak eta Gipuzkoak irabazi dute GRAVNI txapelketa
Markina-Xemeingo frontoi nagusian jokatu dute zesta-puntako finala. Mutrikuko, Markina-Xemeingo, Gernika-Lumoko eta Berriatuko Eskoletako pilotariak egon dira taldeetanEuskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen GRAVNI Txapelketako finalak joka...
Markina-Xemeingo frontoi nagusian jokatu dute zesta-puntako finala. Mutrikuko, Markina-Xemeingo, Gernika-Lumoko eta Berriatuko Eskoletako pilotariak egon dira taldeetan
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen GRAVNI Txapelketako finalak jokatu dira asteburuan Bizkaiko frontoietan. Modalitate ezberdinetako partidak Bilbon, Sestaon, Basaurin, Mungian eta Markina-Xemeinen jokatu dira, eta ikusle asko batu dira harmailetan. Markina-Xemeingo frontoi nagusian, zesta-puntako norgehiagoka jokatu zen zapatu arratsaldean, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariak izan ziren nagusi.Gazte mailan, Gipuzkoak 35 eta 29 irabazi zion Bizkaiari. Mutrikuko Eskolako Goenagak eta Andonegik jokatu zuten Gipuzkoako taldean. Partida dotorea jokatu zuten Markina-Xemeingo Eskolako Martin Gandiaga eta Jon Mandiolaren kontra.
Gipuzkoa aurretik joan zen partida guztian. 21 eta 12 aurretik ere jarri zen, baina, tantoz tanto 24 eta 22 hurreratzea ere lortu zuten bizkaitarrek. Hala ere, Goenagak eta Andonegik ez zuten hutsik egin, eta partidaren azkenerantz berriz ere markagailuan ihes egitea lortu zuten.
22 azpikoetan parekatuta ibili ziten bikoteak, baina, azkenean, Bizkaiak 35 eta 28 irabazi zion Iparraldeari. Roke eta Leke gernikarrek jokatu zuten Bizkaiko taldean. Partida guztian pareko ibili ondoren, azken indarrekin, abantaila hartu eta txapelak janztea lortu zuten Rokek eta Lekek. Partidu polita eskaini zuten bai bizkaitarrek bai eta Iparraldekoek ere. Tanto politak ikusteko aukera egon zen.
Nagusien mailan ere, Bizkaia izan zen nagusi. Arabako Landaren eta Ekhiren kontra jakatu zuten Bizkaiko Antxonek eta Aimarrek. Berriatuko Eskolako pilotariek hasieratik erakutsi zuten nagusitasuna, eta arabarrei ez zieten hurreratzen ere utzi. Antxonek eta Aimarrek erraz irabazi zuten merezitako txapela.