%20 jaitsi dute berdelaren kuota
Jaitsierak gogor kolpatu dezake arrantza sektorea. Legatzarena eta antxoarena bere horretan mantendu dituzte. Urtarrilean jarriko da indarrean bazterkinen legedi berriaEuropako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera ...
Jaitsierak gogor kolpatu dezake arrantza sektorea. Legatzarena eta antxoarena bere horretan mantendu dituzte. Urtarrilean jarriko da indarrean bazterkinen legedi berria
Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera egin dute asteon Bruselan, eta bertan 2019. urterako arrantza kuotak adostu dituzte. Hartu dituzten neurrian artean, berdelaren kuota murriztea erabaki dute bigarren urtez jarraian; %20 murriztea agindu dute. Jaitsiera horrek gogor kolpatu dezake arrantza sektorea.Hasiera batean, kuota %42 murriztea proposatu zuten zientzialariek, baina azkenean, %20 jaitsi dute, espeziearen harrapaketaren «irizpide sozioekonomikoak eta mendekotasunak» aintzat hartuta. Espainiak %8ko ehunekoa dauka, eta hortik Bizkaiko eta Gipuzkoako flotari kuota osoaren %1 gelditzen zaio. Berdela amuz harrapatzen duten baxurako ontziek, gainera, ezingo dute galera hori handiek bezainbeste konpentsatu, ez direlako txitxarrotara itsasoratzen.
Berdelaren kuotaren jaitsiera kezkagarria dela nabarmendu du Jaurlaritzak, «euskal arrantza ontzietarako arrantza garrantzitsua delako». Berdelaren stock bakarra Ipar Atlantikokoa da, eta eta horrek euskal arrantzaleei kalte egingo dio. Adierazi dutenez, ikerketa horiek ez dute kontuan hartzen tokiko egoera, «horrek argitzen du zergatik planteatzen den kuota murriztea gure uretan berdela egon arren».
Hegaluzearena, handiagoa
Euskal arrantzaleentzat interes handikoak diren beste zenbait espezie harrapatzeko kuotak, berriz, handiagoak izango dira: hegaluzearen kuota %10 handitu da; Frantziako kostaldeko legatzaren kuota, %27; Kantauriko zapoaren kuota %5 igo dute; Bizkaiko Golkoko oilarraren kuota %40 igo da; eta ur horietako txitxarroarena, %18.
Aurreko urteotan murrizten joan dira Kantauriko legatzaren kuota, eta aurten, bost urtean lehen aldiz, Europako Batasunak bere horretan utzi du kuota. Antxoaren harrapaketa kuota ere bere horretan uztea hobetsi du Bruselak.
Euskal arrantzaleentzako interes berezikoak diren espeziei buruz egin den akordioari dagokionez, exekutibo autonomoak uste du negoziazioen «abiapuntuko egoera» ona izan dela orokorrean. Hori dela eta, nahikoa balorazio positiboa egin dute.
Bazterketak
Urte hasieragaz batera indarrean jarriko dute arrantzatzen diren arrainak sailkatu eta lehorreratzeko derrigortasuna. Hau da, arrain bazterkinak itsasoan botatzea erabat debekatuta egongo da harrapaketa mugatuta dituzten espezietan (59ra igo da babestutako espezien kopurua); sareetan harrapatutako arrain guztia porturatu beharko dute.
Porturatu egin beharko dituzte arrain txikienak ere, baina ezingo dituzte saldu giza kontsumorako. Arrantzaleak behartuta egongo dira, nahi ez arren, arrantzatutako espezie guztiak sailkatu eta lehorreratzera. Behin lehorreratuta, portuan erregistratu egin beharko dituzte baztertutako arrainak.
Arrantza Ministroen bileran, bestalde, proposatu da «Itoguneko espezieen kuota banku» moduko bat sortzea, arrantza ontziek kuota nahikoa duten espezieak arrantzatzen jarraitu ahal dezaten eta kuotarik ez duten espezie horietatik arrantzatzen dutena «kuota banku» horren kontra zenbatu dezaten.