Emozioak hartu du gaur [uztailak 2] Uni pilotalekuko kantxa. Pablo
Berasaluzeri ondo merezitako omenaldia eskaini nahi izan diote. Eta halakoetan gertatzen den modura, emaitza gutxienekoa izan da.
Gorriz kantxaratu dira Berasaluze eta Beroiz. Urdinez Elezkano eta Galarza. Urdinak aritu dira markagailuan aurretik, eta beraiek eskuratu dute garaipena (15-22). Edonola ere, txalo beroenak Berrizko pilotariarentzat izan dira. Markina-Xemeingo esku pilota eta zesta-punta eskoletako
umeek pasilloa egin diote aldageletatik bueltan, eta opariak jaso ditu udal ordezkarien eskutik, pilotazale guztien izenean. Txaloak bueltatu dizkie
Asegarceko pilotariak harmailak betetzen zeudenei.

Aimar Olaizola eta MIkel Urrutikoetxea
Olaizola-Urruti, bikoteka
San Fermin torneoaren finalerdia ez –Olaizolak uko egin dio txapelketa hori jokatzeari, ezker sorbaldan min hartuta dagoelako–, baina partida nagusiak lehen mailako norgehiagoka ekarri du. Aurrez aurre, Nafarroako torneoa jokatzekoak zirenak: Aimar
Olaizola eta Mikel
Urrutikoetxea; ondoan izan dituzte, bikotea osatzen, Andoni
Aretxabaleta eta Mikel
Larunbe, hurrenez hurren.
Partida nagusia ere urdinen aldekoa izan da. Baina lehen partida ez bezala,
oso orekatua eta oso
lehiatua izan da, hasieratik amaiera arte. Ondo jokatu dute laurek, eta herriko pilotariak hiru tanto bikain ere egin ditu, atzetik aurrera etorrita pilota inor ailegatu ezin zitekeen lekura bidaliz. Hamabina, hamalauna, hamabosna, hamaseina, hamazazpina… Berdinketaz berdinketa, azken minutuetan Urrutikoetxea zertxobait biziago aritu da, eta 20. tantoa igo du markagailura, ezker paretan dejada ederra eginez. 18-22 amaitu da pilota jaialdia itxi duen partida.