Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, Txapela burun eta ibili Ondarrun jaia egingo da hirugarrenez zapatuan [irailak 10]. Herritarrak euskal txapela soinean jantzi eta jaian parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Jaiak, urtero, herriko talderen bat omentzen du, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten Artelan kultur elkartea omentzea erabaki dute. “Urte askoan herriarentzako beharrean ari dira, eta omenaldia egindako lan hori eskertzeko era bat izan daitekeela uste dugu. Jaiko protagonista ere eurek egindakoa da, gainera”.
Jaiari dagokionez, bestalde, hainbat berritasun dituen egitarau zabalagaz datorren egun osoko jaia dela iragarri dute. Txapelari omenaldia egiteko eguneko ekimenak eguerdian hasi, eta goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko dira.
Ondarroako II. Txapel Eguna
Ekimenak, ohi modura, Plazagainean egingo diren umeentzako tailer artistikoekin hasiko dira, eta 12:30ean, txapelari deiadarra egiten hasiko dira, adarra joaz eta irrintziekin. Antolatzaileek esan dutenez, une horretan hainbat ezusteko egongo dira, eta tartean, Alde Zaharrean batutakoek dei horiek nondik datozen igarri beharko dute.
13:00etan, ostera, txupina jaurti, eta jaiak eztanda egitearen batera, txapelak soinean ipintzeko unea ailegatuko da. Txapela ere orduan agertuko da gordeta egon den toki ezezagunetik, eta kalejira hasi bitartean, bertso saio berezia egingo da moilan. Bertsutan bertso eskolakoen eskutik, hain zuzen ere, balkoitik balkoirako bertso saioa egingo da.
Bertsoen tartea amaitzen denean, Txapelaren kalejira egingo dute moilatik Alamedara. Ohi modura, txapela omenduek eramango dute, eta Artelangoek bide horretan euren elkarteko buruhandiak eta erraldoiak ere bidelagun izango dituzte.
Kalejira eta gero, 14:30ak bueltan, marmitako janean batuko dira herritarrak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bazkaritarako txartelak aurretiaz erosi beharko dira Kurike, Garoa eta Irkaitzen, irailaren 8a baino lehen.
Arratsaldean beste hainbat ekimenegaz gozatzeko aukera egongo da, eta ohi modura, txapelagaz lotutako ekimenak ez dira faltako. Aurten, gainera, txapel jaurtiketa baten ordez, bi egingo dira. Aurten, estreinako, 6 eta 13 urte bitartekoentzat Umeen I. Txapel jaurtiketa ere egingo da, 17:00ak bueltan. “Umeak txapel jaurtiketan parte hartzeko eskatzen ibili dira aurreko urteetan, eta aurten eurei ere aukera hori eman nahi izan diegu”.
Umeen txandaren atzetik, nagusien txapel jaurtiketa egingo da, eta bertan parte hartu nahi dutenek 17:15etik 17:45era bitartean eman beharko dute izena.
Herritarrak iazko Txapel Egunean
Jaiak ez du etenik edukiko, eta iluntzean Aiko talde ezagunaren dantzaldiagaz jarraituko dute ospakizunek. “Gaurko eta lehengo euskal dantza tradizionalak dantzatzeko aukera egongo da, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Ez dago zertan dantzan jakin beharrik”. Gauean, ostera, kontzertuak egongo dira Musika Plazan. Hasteko, erromeria egongo da, eta eguna DJ Jotatxoren musikagaz amaituko dute.
Egitaraua
[ARGAZKIETAN: Iazko Txapela burun eta ibili Ondarrun eguna]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.