Eñaut Zubikarai atezain ondarrutarrak Zeelanda Berrian jokatuko du
Zeelanda Berriko Auckland hiriko (hiririk handiena) Auckland City lehen mailako futbol taldeak fitxatu du ondarrutarra. Beraz, 32 urteko atezain ondarrutarra Antipodetan ariko da aurtengo denboraldian. Futbol talde hori 2004an sortu zen arren, Ozeania guztiko talderik indartsuena da gaur egun; taldeak sei aldiz irabazi du liga (2005, 2006, 2007, 2009, 2014 eta 2015).
Nazioarte mailan ere hainbat garaipen eduki ditu taldeak: FIFAren Kluben arteko Munduko Kopa (hirugarren geratu zen 2014an), Ozeaniako Txapeldunen Liga (7 aldiz: 2006, 2009, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015) eta OFC Presidentearen Kopa (2014an).
Zubikarairen ibilbidea. 2015ean Reala utzi eta gero, aurten, urtarriletik maiatzera Portugalgo Tondela taldean aritu da Zubikarai; Tondelagaz bost partidu jokatu ditu ondarrutarrak.
Denboraldi honetan, atezaina Ramon Tribulietx entrenatzaile katalanaren esanetara ariko da. Azken horrek, hain zuzen ere, zortzi urte daramatza Auckland City taldean; 2010etik lehenengo entrenatzailea da. Zeelanda Berrira joan aurretik, baina, Sant Andreu, Figueres eta Castelldefels taldeetako entrenatzailea izan zen.
Zeelanda Berriko Liga urriaren 16an hasiko da eta apirilaren 2an amaitu.