Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, ia zazpi hilabete euren etxebizitzetatik kanpora egon ostean, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunek barikuan [urriak 7], 10:00etatik aurrera, bueltatu ahal izango dute euren etxeetara. Era berean, atari horietan dauden saltoki eta garajeetako jabeek ere erabilgarri izango dituzte euren lokalak.
Mendiaren
egoera egonkorra dela kontuan hartuta, hiru atari horietako bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izango direla erabaki du udalak eta mendian beharrean ari den talde teknikoak. “Mendiaren alde horretan goiko aldeko lurrak kendu dira, eta horma bat ere ipini da, beheko aldean buronajea egiten ari diren bitartean segurtasuna mantentzeko. Beraz, alde horretan beharginek lan egiteko segurtasun neurriak betetzen direla kontuan hartuta, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietakoak bueltatzeko segurtasun nahikoa dagoela erabaki da”.
Udalak azpimarratu duenez, pozik dago Kamiñaldeko lur jausiak kaltetutako bizilagunak apurka-apurka beraien etxebizitzetara bueltzen ari direlako. Hala ere, oraindik ere beste
84 familiak euren etxebizitzetatik kanpo jarraitzen dutela ere gogora ekarri du Zunbeltz Bedialauneta herriko alkateak. “Bizilagun guztiak etxera bueltatzeko aukera izan arte lanean jarraitu behar dugu”.
San Inazio kaleko 45-61 atarietako bizilagunak euren etxeetara bueltatzen, uztailaren 29an. Argazkia: Ondarroa Udala
Era berean, euren etxebizitzetatik kanpo jarraitzen duten askoren
etxebizitzak apurtuta jarraitzen dutela ere azpimarratu du Bedialaunetak. “Etxebizitza horien konponketak zelan bideratu ere lanean jarraitzen dugu”.
Larrialdi egoeran. Bestalde, alkateak nabarmendu duenez, mendian egiten ari diren lanek martxa onean jarraitzen dute, eta oraingoz, larrialdi egoera bere horretan mantentzen da. “Zalantza egon da lanak larrialdi eta urgentziazko izendatzeko orduan, baina momentuz, luzatu egingo da larrialdi egoera. Gure asmoa, larrialdi egoeran mantentzen garen bitartean urgentziazko lanak lotzen joatea da, dena jarraian egitea lortzeko. Hau da, lanak ez eteteko ahalegin berezia egingo da”.
Udalak azaldu duenez, lanen inguruko txosten berria prestatzen ari da, Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldean aurkezteko
Lanei dagokienez, horien inguruko
txosten berria prestatzen ari da udala. “Txostena osatuta dugunean Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldean aurkezteko asmoa dugu, finantziazioa zelan bideratu zehaztu ahal izateko, ahalik eta arinen”.
Elkarretaratzea. Saiñazio mendi azpixan gestorak, bere aldetik, elkarretaratzea egingo du z
apatuan [urriak 8], 10:00etan, Kamiñalden. “Herritar guztiei gorriz jantzita etortzeko deia egiten diegu”, adierazi du Goizane Zabala gestorako bozeramaileak.
Zabalak azpimarratu duenez, barikuan beste familia batzuk euren etxebizitzetara bueltatu ahal izatea oso
berri pozgarria da. “Etxebizitza eta negozietara zenbat eta familia gehiago bueltatu, orduan eta positiboagoa dela uste dugu. Hala ere, azken familiak noiz bueltatuko diren kezkatuta jarraitzen dugu, eta hori lortu arte ekinean jarraituko dugu”.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia