Paleolitoko altxorra aurkitu dute Lekeitioko Armintxe koban
Iberiar penintsulan orain arte ikusi ez den grabatu multzoa duela 14.000 urtekoa izan daiteke. Aurkikuntza berezia da, irudiak oso argi ikusten direlakoOrain arte Iberiar penintsulako historiaurreko labar-arte multzorik berezienetako baten aurkikuntzar...
Iberiar penintsulan orain arte ikusi ez den grabatu multzoa duela 14.000 urtekoa izan daiteke. Aurkikuntza berezia da, irudiak oso argi ikusten direlako
Orain arte Iberiar penintsulako historiaurreko labar-arte multzorik berezienetako baten aurkikuntzaren berri eman zuen atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Lekeitioko Armintxo koban egindako aurkikuntzan duela 14.000 urtekoa izan daitekeen grabatu multzoa aurkitu dute, hain zuzen ere. Aurkikuntza horren bereziasunak asko dira: orain arte ikusi ez diren animaliak felinoak batik bat, erabilitako teknika eta irudien tamaina handia; orain arte penintsulan ikusi ez diren ezaugarriak.Ganga formako horma eta sabaian egindako irudien kalitatea da deigarriena, «koadro baten aurrean gaudela ematen du, pintura baten aurrean», nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Ondarearen zerbitzuburu Andoni Iturbek.
Gernika-Lumoko ADES espeleologia eta Kortezubiko AGIRI arkeologia elkarteko zazpi kidek aurkitu zituzten grabatuak, maiatzaren 1ean kobazuloaren ikerketa topografikoa egiten ari zirela. Lea-Artibaiko ADESeko kideak izan ziren, besteak beste, maiatzean Atxurra kobako margoak aurkitu zituztenak.
Hala ere, hango margoekin zer ikusirik ez duela adierazi du Lekeitioko ADES taldeko Xabier Gezuraga argazkilariak. «Ikusita bakarrik izugarria da zein ondo nabaritzen diren irudiak, ez daude solte, konposaketa bat osatzen dute, eta grabatuek harriaren gorri kolorea dute kanpotik eta zuria barrutik. Benetan ikusgarriak dira».
Eskola ondoan, Larrotegi eta Aldamiz kaleen artean dago kokatuta kobazuloa.
Aukikuntza aztertzen egon den Cesar Gonzalez arkeologia katedradunak aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du baita: «Ez du orain arte aurkitu dugun ezeren antzik».
Lehoiak, ahuntzak, bisonteak eta ikertzeko dauden beste figurek osatzen duten grabatuak Santimamiñe eta Atxurra kobetakoen garai berekoak dira. Hala ere, konposaketa osatzen duten 50 figurek ez ohiko tamaina handia dute, aipatutako kobetako irudiekin alderatuz gero. Besteak beste, orain arte egindako ikerketetan metro eta erdiko zaldi baten irudia aurkitu dute.
«Paleolito garaiko arte erakusgarria den benetako santutegi bat aurkitu dugu. Jakitunek esaten digute penintsula osoan egon daitekeen grabatu multzo paregabe, ikusgarri eta esanguratsuena izan daitekeela. Benetako altxorra», azaldu zuen Rementeriak.
Ezohiko teknika
Grabatuak egiteko erabilitako teknikari dagokionez, harriarekin horma arrastatuz, altxadura txikiak eginez, lerro argiak sortu zituztela azaldu zuten, ezin hobeto ikusi daitezkeen irudiak sortuz. «Oso teknika trebea erabili zuten, margotuak daudela ematen du», gaineratu zuen Iturbek.
Paleolito garaiko tekniken adaptazio ezinhobea nabarmendu zuen Gonzalezek. Haren ustez, Armintxeko koba fosilduta egotea izan zitekeen grabatuak egiteko teknika berezia erabiltzeko arrazoia, hormetako kareharria ezegonkorragoa zelako.
Aurkezpenean erakutsitako argazkian erraz bereiztu zitezkeen animalien formak. Hori ere ezohikoa dela azaldu zuen Gonzalezek. Izan ere, askotan argia modu kurbatuan jarri behar izaten da erliebea nabaritzeko, eta grabatuak ondo bereizteko argazkietan nabarmendu egin behar izaten dira. Armintxeren kasuan, berriz, ahalegin handirik gabe antzeman daitezke irudiak.
Lehoiaren irudia
Panel nagusia osatzen duen konposaketa landuaren erdian lehoi baten irudia ikusi daiteke argi (11. figura); gutxienez mota honetako beste felido bat ere aurkitu dutela aditzera eman zuten. «Beste garaiko lehoia da, ez gaur egungoak bezalakoa». Ez du adatsik, baina tente duen buztanean eta aurreko hankek duten forma indartsuan argi nabaritzen da lehoi bat dela. Gonzalezek argitu zuen Kantauri itsasoaren inguruan aurkitzen den animalia honetako lehen grabatua dela, baina haragijale hauek gure inguruan ere exisistu zirela zehaztu zuen; duela 10.000 urte desagertu ziren arte. Oñatiko Arrikrutz koban, adibidez, duela 35.000 urteko lehize-lehoi baten hezurdura osoa aurkitu zuten.
Orain arte hamazortzi zaldi, ahuntzen familako bost animalia, bi bisonte, gutxienez bi lehoi eta oraindik zehaztu gabe dauden lau oinetako beste lau animalia ere aurkitu dituzte.
Ikur abstraktuak
Animaliez gain, lerroa eta zirkulu erdiko ikur klabiformeak ere berriak dira gure inguruan. Iturberen esanetan, orain arte ez da halako zeinurik aurkitu inguru honetan; Frantziako Pirinioan aurkitu izan diren irudiak direla zehaztu zuen. Hori dela eta, sakontzeko teoria bat badagoela nabarmendu zuen Iturbek: «Bertoko eta Frantziako komunitateen artean hartu-emanak egon zirela pentsa daiteke, eta kultura elkarri kutsatu ziotela. Beste arlo batzuetan hartu-emanak izan zituzten ala ez aztertzeko dago oraindik».
Irudi hauen agerpenak baldintza klimatikoen ondorioz sortutako gizakiaren zabalkunde sasoi bat iradokitzen dute, Gonzalezen arabera.
Grabatuen panel nagusia aurkitu den lekua orain arte «zapaldugabea» edo «birjina» dela gaineratu zuten. Beraz, ikerketarako potentzialak interes handia piztu duela diote. «Ia segurtasun osoz esan daiteke panel nagusia dagoen kobazuloko barrunbearen hondoko lurra duela 14.000 urtetik hona inork ez duela zapaldu, eta, seguru asko, Paleolitoko garai hartan grabatuak egin zituen/zituzten pertsonaren edo pertsonen arrastoak ere aztertzeko aukera izango dugu».
Aurkikuntzan egon zen Juan Carlos Quintana Kortezubiko AGIRI arkeologia elkarteko kideak ikerkerta lanak berehala hasiko dituztela adierazi zuen: «Aldameneko galeriak ikertzen hasiko gara, oraindik ere gauza gehiago aurkituko ditugun zan.
Irisgarritasunari dagokionez, barrunbeak zailtasun handiko sarbideak dituela esan zuten. «Eremua zaintzea da irizpide nagusia. Beraz, ez da jendaurrean zabalduko». Dena dela, teknologia berriei esker, herritarrek leizearen aberastasunagaz gozatu ahalko dutela aurreratu zuten.
Rementeriak gaineratu zuen aurtengo urtea Bizkaiaren ezaguerarako urte historikoa bilakatzen ari dela. Batetik, aurten, Santimamiñeko margoen aztarnak aurkitu zirela 100 urte betetzen dira. «Maiatzean ezagutzera eman genituen Berriatuko Atxurra kobako 70 margo eta grabatuak ere gogorarazi behar ditugu. Urte ikaragarria ari da izaten benetan».