Boluntarioei esker egindako jaia
22. Berdel Egunak jendetza batu du Mutrikun. Euri zaparradek moilako giroa zertxobait apaldu bazuten ere, eguna «ondo» joan zela esan du Mutrikuko Udalak.Pozik. Horrelaxe geratu dira mutrikuarrak 22. Berdel Egunarekin. Jaia ondo joan zela esan du Mut...
22. Berdel Egunak jendetza batu du Mutrikun. Euri zaparradek moilako giroa zertxobait apaldu bazuten ere, eguna «ondo» joan zela esan du Mutrikuko Udalak.
Pozik. Horrelaxe geratu dira mutrikuarrak 22. Berdel Egunarekin. Jaia ondo joan zela esan du Mutrikuko Udalak, eta eguraldi txarraren eragina antzeman bazen ere, dena ondo joan zela esan dute. Halaber, boluntarioei egunean bertan eta aurretik egindako lana eskertu nahi izan die. «Berdelarekin batera, jai hau berezia egiten dutenak dira boluntarioak ere».Giroa zapatu goizetik hasi zen, eta jai usainak mutrikuar eta inguruko herrietako bizilagunak batu zituen Mutrikun.
Kirolak eta musikak animatu zuten goiza, arratsaldean, berriz, berdel pintxo dastaketa izan zen protagonista. Horretan, eguraldi txarrak eragina eduki zuela esan dute Mutrikuko Udaleko ordezkariek. «Beste urte batzuetan moilan jende gehiago batu izan da». Eta udalak aterpea egiteko karpak bazituen ere, haizea zegoela eta, ez zutela ipini esan dute. «Arriskutsua zen».
Pintxoak, soberan
Moilan banatutako jakiei dagokienez, askotarikoak izan ziren. Urgain jatetxeak berdel egosia egin zuen, ozpin-olio bereziarekin. Zumalabe jatetxeak, berriz, berdel pudina prestatu zuen, eta Kai Gain elkarteko Xabier Mendigurenek berdel txaka. San Juan jatetxeak sisakin eta Kelepario izeneko saltsa sekretuarekin prestatu zituen berdel pintxoak. Narrupe Elkarteko Mari Jose Arrieta eta Feli Soraluzek ere berdel frijitua prestatu zuten piperradarekin. Pikua jatetxeak, berriz, berdela barazki eta bexamelarekin egin zuen, eta azkenik, aurten lehenengoz parte hartu duen Azkenetxe Ristorantek berdel marinatua egin zuen.
Horiek guztiak nahikoak ez eta marmitakoa eta berdel errea ere egon ziren aukeran.
Jakitera eman dutenez, berdel pintxoak soberan geratu ziren, baina marmitakoa amaitu egin zen.
Itziarren Semeak taldeak eskainitako kontzertua ere ondo atera zela esan dute, eta bestelakoan, jaia hurrengo egunera arte luzatu zen.