Saharara eramango dituzte Ondarroako gazteak
Yaalah Elkartea Ondarroako Saharar Elkartasun taldea aurkeztu zuten zapatuan, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Elkarteak lau lerro nagusi jarraituko dituela jakitera eman dute elkarteko kideek. Ondarroako gazteak saharar errefuxiatuen kanpamentuetara era...
Lehen herrian zegoen Sahararen aldeko taldearen bidetik ere jarraituko dute, lehengai eta elikagaien bilketa mantenduz. Abenduan egingo dute elikagaien lehen bilketa, otsailean edo martxoan Argelerantz abiatzen den karabanara eramateko.
Beste alde batetik, Oporrak Bakean Euskal Herrian ume sahararrak hartzeko programa bultzatuko dute, eta hirugarrenik, herrian eta inguruan sentsibilizazio kanpaina bat egitea dute asmo, Saharan gertatzen diren gauzak kontatu eta guztiak informatuago egoteko.
Proiektua
Laugarren puntuak alderdi bi lotzen ditu: Ondarroako gazteak eta saharar errefuxiatuen kanpamentuak. Gazteak Saharako egoeragaz sentsibilizatu nahi dituzte, Saharara bideratuta. «Badirudi gazte askok Sahara oporretako norako bat bezala hartzen dutela, baina ez dute egoera ezagutzen». Horregaz apurtu eta bertako egoera bertatik bertara ezagutzeko gazte talde bat kanpamentuetara eraman nahi dute. «DBH4tik gorakoak izango dira gazteak, eta astebeterako joango dira bertara elkarteko kideek lagunduta». Azaldu dutenez, egitasmoaren helburua ez da gazteek astebete etxeetan igarotzea, baizik eta aurrez adostutako proiektu bat gauzatuko lukete bertan, benetako egoera ezagutzen duten bitartean.
«Sahararrek ez dute karitaterik behar, kolaborazioa baino», diote. Beraz, sahararrei eurei zer behar duten galdetu eta benetan behar dituzten proiektuak gauzatzea dute asmoa. 2018an bertara bidaiatzea dute helburu.