Finantzaketa faltan, San Ignazioko kaltetuek ez dakite noiz bueltatu ahalko diren euren etxeetara
Ondarroako Udalak San Ignazioko kaltetuekin herri batzarra egin zuen atzo [apirilak 10]. Bilera horretan egon ziren baita ere mendian lanean ari diren teknikariak. Azken horiek, hain justu, 2. mailako segurtasun maila lortzearen garrantzia azpimarratu zuten. Lanak ordaintzeko finantzazio faltan, udalak ezin izan zien esan kaltetuei noiz bueltatu ahalko diren etxeetara.
Herri batzarrean azaldu zutenez, emergentziazko lanak amaitu egingo dira, baina hurrengo fasea, alegia, urgentziazko lanak hasteko dirua behar da.
Udalak esan zuen atzoko herri batzarrean Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz lortutako akordio ekonomikoaren berri ematea gustatuko litzaiokela. Baina hori ezinezkoa izan zen. Izan ere, udal ordezkariek esan zuten bi erakundeen erantzunaren zain egoten jarraitzen dutela. Hain justu, udalak ondoko proposamena egin zien bi erakundeei: emergentzia eta urgentzia lanak Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean ordaintzea eta udalak desjabetza eta etxeen konponketa gastuak bere gain hartzea. Bi erakundeek proposamena aztertu eta martxoa amaitu orduko erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten, baina udalak oraindik ez du erantzunik jaso.
Mendian lanean ari diren teknikariek azaldu zutenez, mendiaren egoera zelakoa den jakiteko neurgailu antzerako batzuk ipini dituzte zenbait gunetan. Oro har, irudiekin lagunduta, kaltetu guztiek ulertzeko moduko azalpenak ematen saiatu ziren teknikariak.
Kaltetuek beste herri batzarrik egingo den galdetu zieten udal ordezkariei. Azken horiek esan zuten behar duten guztietan herri batzarrak egiteko prest daudela.
Momentuz, lur jausiak eragindako kalteak konpontzeko diru ekarpena egin dutenak ondokoak izan dira: Ondarroako Udala (3,5 milioi), Espainiako Gobernua (2,15 milioi), Eusko Jaurlaritza (2 milioi) eta Bizkaiko Foru Aldundia (1,5 milioi). Lanen kostua 17 milioi eurokoa da.