Benito Ansola omenduko du 40. Euskal Zine Bilerak
Juanba Berasategi zinemagilea ere gogoan izango dute. Urriaren 14tik 21era zortzi lan profesional eta 23 amateur Urrezko Antzarra lortzeko lehian egongo diraBere sortzaileari aipamen berezia eginez ospatuko du bere 40. urteurrena euskara hutsean egiten...
Juanba Berasategi zinemagilea ere gogoan izango dute. Urriaren 14tik 21era zortzi lan profesional eta 23 amateur Urrezko Antzarra lortzeko lehian egongo dira
Bere sortzaileari aipamen berezia eginez ospatuko du bere 40. urteurrena euskara hutsean egiten den zinema bilera bakarrak. Euskal Zine Bilerarentzako figura garrantzitsu izan den Benito Ansolagaz batera, Juanba Berasategiri ere zuzenduko dio euskal zinemak begirada aurten.Berasategi Zine Bileraren lagun mina izan dela azpimarratu zuen atzo goizean Lekeition egindako aurkezpenean Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak. Berasategiri omenaldi bat egin eta bere ibilbidearen berri emango dute irekiera ekitaldian; Benito Ansolaren omenaldia, berriz, amaiera ekitaldirako utzi dute. «Bi erreferentzia izan dira guretzat, eta eurek erakutsitako bidea jarraitzen saiatzen gara».
40 urteko ibilbideari esker, Lekeitioko Euskal Zine Bilera euskarazko zinemagintzaren topagune garrantzitsuenetarikoa izango da astebetez. Urriaren 14tik 21era, Lekeitio euskara eta zinemagintza uztartzen dituen mundu osoko amateur eta profesionalen bilgune izango da. Beti bezala, bi helburu izango ditu: alde batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta horiei laguntza bat ematea, eta bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea. Horrela, lehiaketa arlo bitan banatuta egongo da, profesional eta amateur mailetan.
Kalitate ona
40. bilerak 47 lan jaso ditu, eta horietatik 31 egongo dira lehian; zortzi lan profesionalak izango dira, eta 23 amateurrak. «Aurten ere kalitate nahikoa ona egongo da. Antolatzaileon ustez, lanen kalitatea geroz ete hobea da, eta jendeak horrelako lanak egiteko trebetasuna daukala ikusten da», adierazi du Joseba Zuberogoitiak.
Hiru kategoritan sarituko dute. Zuzendaritza eta gidoi kategorietan zilarrezko antzarrekin, eta film onena urrezkoagaz.
Asier Hernandez eta Miren Gogenolak aurkeztuko dute hasierako ekitaldia, eta 40 urteko ibilbidearen errepasoa egingo dute. Amaierako ekitaldian, sari banaketa egingo dute, Tessa Andonegik eta Miren Gogenolak gidatuta.
40 urteren barruan Zine Bilerak aldaketa asko izan ditu, eta horrela, lehiaketa bat baino gehiago bihurtu da. Horrela bada, txikiek ere euren txokoa daukate aspalditik, eta aurten, Juanba Berasategiren lan bi ikusi eta lantzeko aukera eskainiko diete.
Ezagun egin diren sortzaile asko igaro dira Lekeitioko bileratik, horien artean Handia pelikulagaz Zinemaldiko sari berezi bi eraman dituzten Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak. Herriko Zinemazale elkarteak egindako lanari esker, Handia zine bileran estreinatuko dela jakitera eman du Zuberogoitiak.
Bestalde, Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Benito Ansola Beken bosgarren saria emango dute aurtengo jaialdian. Aurtengo irabazlea Ruben Martinez Rosasen Altsolorra lana izan da. Martinezek 3.000 euroko beka jasoko du amaiera ekitaldian, proiektua gauzatzeko.
«Gure herriak daukan altxor hau babestu eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta herritarrei zinemara joan eta antolatutako ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia egiten diegu», esan zuen Mertxe Arrizubieta Lekeitioko kultura zinegotziak atzoko aurkezpenean. Bere ondoan izan zituen ekitaldian bileraren laguntzaileak diren erakundeetako ordezkariak: Leire Corrales Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko ordezkaria, Andonegi Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirol zuzendaria eta Leire Lardizabal Topaguneko kidea.