Garena izateaz harro sentituz
Euskaldunok garenaz harro egoteko eta aldarrikatzeko eguna izan zuten zapatukoa gernikarrek. Herriari kolore, itxura eta usain ezberdina emanez, Euskal Jaian bildu ziren hango eta hemengo herritarrak.Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu…...
Euskaldunok garenaz harro egoteko eta aldarrikatzeko eguna izan zuten zapatukoa gernikarrek. Herriari kolore, itxura eta usain ezberdina emanez, Euskal Jaian bildu ziren hango eta hemengo herritarrak.
Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu… abesti ezagunagaz eman zioten hasiera zapatu eguerdian Gernika-Lumoko Euskal Jaiari. Urdaibai Kantaguneko bi ordezkarik irakurri zuten pregoia 12:00etan, eta jarraian, Iñigo Magunagoikoetxea kultura eta jai zinegotziak bota zuen txupina.«Izan garenaren esentzia daukagu gaur arropetan, eta garenaren indarra gorputzetan eta ahotsetan», esan zuten pregoian. «Kantatzen den herri bat bizi izan da gizaldi luzeetan. Gu gara horren lekuko, eta geu gara aldi berean lekukoa eskuan daukagunak. Hartu gura genuena baino apur bat euskaldunagoa utzi gura genuke herria gure ostetik datozenentzat. Kantaz kanta eta dantzaz dantza, garena bizi, gozatu, erakutsi eta irakatsi dezagun».
Euskal Herria kulturaz, ohituraz, historiaz eta folkloreaz betetako herri bat dela nabarmendu zuten. «Ospatu dezagun gure izatea, apaingarri barik eta lotsa barik, txarrari barre egin, eta onagaz harrotu. Kantatu eta egin dantzan, eta pentsatu kale zaharretako hormek zer gordetzen duten. Herri hau erre egin zuten, eta errautsetatik berriro sortu zen euskaldun askoren lanari esker; indarrez, kantuz, bertsoz, musikaz eta lanez aurrera egin zuen belaunaldi oso bati esker hemen gaude».
Dantzan eta kantuan
Txupina jaurti ostean, agurra dantzatu zuten, eta bertoko eta Euskal Herriko hainbat udalerritatik etorritako abesbatzen emanaldia hasi zen ondoren. Hala, askotariko musikariak batu ziren eguerdian. Euskal Herriko Kantaguneko kideez gain, Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, Gazteak txistulari taldeko ordezkariek eta Busturialdeko gaitero eta trikitilari taldekoek euskal doinuz bete zituzten kaleak.
Halaber, Piratak Herri Kirol Taldeko neska-mutilek herri kirol erakustaldia egin zuten Artekalen. Besteren artean, harriak jasotzen, txokorrak batzen zein harria zulatzen daukaten abilezia erakutsi zuten, eta ume, gazte zein helduek adi jarraitu zuten saioa.
Bestalde, aurten berritasun legez, Muxikako Maume auzoko ardiak ekarri dituzte Gernika-Lumora. Saraspe plazatik Merkurio iturriaren pareraino heldu, eta artilea zelan kentzen zaien bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten bertan bildutakoek.
Bazkaldu aurretik, Elai Alaiko dantzariek Erregelak eskaini zituzten Merkurio iturriaren parean, eta herritarrak ere atera zituzten jota eta arin-arina dantzatzera.
Ostean, 15:00ak aldera, jendetza batu zen Merkatu Plazako herri bazkarian.
Egun osoko jaia izan zen zapatukoa, eta arratsaldean ere izan zen zegaz gozatu. Bazkalostean, esate baterako, dantzan eta kantuan segitzeko aukera izan zuten Merkatu Plazan elkartutakoek; Urdaibai Kantaguneko eta Elai Alai dantzari taldeko kideek izan zuten plaza girotzeko ardura. Halaber, leku berean umeen txokoa egon zen, UREren eskutik. Iluntzean, berriz, Merkatu Plazatik abiatuta kalejira egin zuten, Dunbots txarangak eta EinGo taldeak lagunduta. Bestalde, Lehian taldearen erromeriak girotu zuen Pasealekua.